gaizka izagirre
'Ekografiak'

'2X01'

2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

2X01: telesailen munduko terminologia menderatzen baduzue ederki ezagutuko duzue zenbaki horien esanahia; (2) bigarren denboraldiko (x01) lehenengo atalari egiten dio erreferentzia. «Eta hau zertara dator?», galdetuko duzue. Bada, nire kasuan, Ekografiak zutabean idazten dudan bigarren ikasturtea delako eta honakoa lehen testua duzuelako. Aurtengoan ere Lide Hernando izango dut bidelagun; plazera, ohorea eta sekulako gozamena izango da!

Zineman, eta batzuetan telesailetan, askotan esan izan da bigarren zatiak ez direla onak izaten. Esaldi hori berresten duten adibide ugari jaurti ditzaket, baina, ikasturtea oso baikor hasi nahi dudanez, lehenengoak baino hobeak iruditzen zaizkidan bigarren denboraldiak dituzten telesailak aipatzen zabalduko dut zutabe berri hau.

Lehenik Fargo aipatuko dut. 2014. urtean, Noah Hawley gidoilari amerikarrak Fargo filmaren zenbait elementu eta esentzia hartu, eta pantaila txikira moldatzeko ausardia izan zuen. Ausardia horren emaitza zoragarria izan zen, aparta, ezin hobea. Bost denboraldi izan ditu guztira baina bigarrena jarriko nuke guztien gainetik. Kosta egiten zait akats bakar bat topatzea: antzezpen lan ahaztezinak; musika, bitxia eta erakargarria; argazkilaritza lana eta planoen erabilpena, hitzik gabe uzteko modukoa. Zoragarria, sarkastikoa, freskoa, frenetikoa eta burutsua da.

Bigarren pantaila txikian egin diren ezinbesteko maisulan horietako bat: The Leftovers. Telesail osoa iruditzen zait hamarrekoa, baina bigarrena nabarmenduko dut. Mina, bakardadea eta desorientazioa gutxitan landu dira telesail batean hain modu indartsuan.

Eta azkenik oso jende gutxik ikusi duen beste harribitxia: Master of None. Azken urteotan oso modan jarri den dramedia —drama eta komedia uztartzea—  azpigeneroaren zalea bazara, ez galdu telesail zoragarri hau. Hasteko, arlo horretan, azken urteotako telesail bitxi eta berritzaileena delako. Lehen denboraldia oso ona da; bigarrena, zoragarria. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko telesail honek bere bizitzarekin zer egin ez dakien Dev izeneko mutil baten istorioa azalduko digu, New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktore batena. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet telesail horrekin erabat maiteminduko zaretela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.