gaizka izagirre
'Ekografiak'

50 urte

2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaws (Marrazoa) filmak 50 urte bete ditu aurten. 1975eko ekainaren 20an estreinatu zuten Ameriketako Estatu Batuetan, eta ordura arteko filmik arrakastatsuena izateaz gain, udako blockbuster-ei bide eman zien: historiako lehen blockbuster gisa hartzen da.

Filmaren 50. urteurrena ospatzeko, bi estreinaldi berezi izan ditugu azken asteotan. Lehena, jatorrizko filmaren zinemetako berrestreinaldia izan da. Gozamen hutsa izan da aukera izatea Spielbergen maisulana pantaila handian eta zaharberrituta ikusteko.

Bigarrena, eta gaurko zutabean mintzagai izango dudana, Disney plataforman ikusgai dagoen Jaws @ 50 izeneko dokumentala da. Filmaren urteurrena ospatzeko argitaratutako lan hutsal bat dela pentsatu zutenak oso oker zeuden: lan horrek filmaren ekoizpen prozesuari, ondorio kulturalei eta utzi duen ondare iraunkorrari begirada sakon eta xehea eskaintzen die.

Alderdi tekniko eta historikoetan oinarritutako dokumentalak ez bezala, Jaws @ 50 ikuspegi gizatiarragatik nabarmentzen da. Laurent Bouzereauk elkarrizketak eta artxiboko material argitaragabea uztartzen ditu. Dokumentalak J.J. Abrams, Guillermo del Toro, Jordan Peele, George Lucas, Steven Soderbergh eta halako pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen ditu —badirudi emakume zinemagileak ahaztu egin zaizkiola—, eta filmak haien ibilbidean izan duen eragina azpimarratzen du.

Nabarmentzekoa da, halaber, erakusten duen guztia ez dela polita edo urteen poderioz idealizatuz joan dena: agertzen da filmaketa lana oso problematikoa izan zela, eta Spielbergek azaltzen du erronka horiek nola eragin zioten bere osasun mentalari, adibidez. Marrazoek sortu zuten kultur fenomenoa ere jorratzen du dokumentalak, animalia horiekiko beldur irrazionala barne —bide batez, eta gai horri lotuta, biziki gomendatzen dizuet iaz aipatu nizuen Shark Whisperer ikustea—.

Jaws @ 50, narratiboki eta egitura orokorraren koherentziari dagokionez, nahiko arrunta dela aitortu behar da: filmak ez du egitura formal zehatzik, gertaeren azaleko kontakizun kronologikoaz harago. Ez du narrazio sekuentziarik eraikitzen denbora lerro linealaren barruan, eta guztia apur bat kaotikoa da.

Alde horretatik, 1995ean Bouzereauk berak zuzendu zuen The Making of Steven Spielberg's Jaws dokumentala askoz osatuagoa iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.