Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Aberaskumeak

2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Orain dela gutxi jakin nuen HBO Max-eko White Lotus telesailak hirugarren denboraldi bat izango duela eta, Hawaiiko eta Siziliako luxuzko hoteletatik igaro ostean, oraingo honetan, Thailandian egingo duela geldialdia. Denboratxoa neraman telesail horri buruz hitz egin nahian eta, albiste hau irakurrita, azkenik, aitzakia topatu dut egiteko.

Gogoan dut, 2021. urteak aurrera egin eta pandemiaren enegarren olatuak gure baikortasuna urratzeko beste ahalegin bat egin ahala, telesail horren agerrerak jendearengan izan zuen eragina. Listurik gabe gelditu arte oihukatu genuen garai hartan artea gizarte gaixo baten sendagarria dela, eta, kasu honetan, nik hala nabaritu nuen: euforia bat antzematen zen giro ezberdinetan telesail horren izena aipatzen zen guztietan, etsipenaren kontrako antidotoa topatu balute bezala. Nik, ordea, ez nuen berehalakoan ikusi: sarritan, zerbait horren bogan dagoenean, atzeraka ematen dit ni neu ere horren parte izateak; artalde handi baten barruan sartzeak gizabanakoaren eskalan maila batzuk jaistera behartuko nauelakoan. Tramaren berri izan nuenean ere, ez pentsa horrek telesaila ikusteko garra piztu zidanik: aberaskumeen desgrazietan oinarritzen den umoreak, normalean, ez dit interes handirik pizten.

Bigarren denboraldia estreinatu izanak eragin zuen nigan White Lotus-i aukera bat emateko grina. Nire inguruan izen hori berriro ere etengabe entzuteak, azkenik, jakin-mina piztu zidan: ez gara harrizkoak. Eta, aizu: ez da inolaz ere azken urteotako nire telesailik kutunena, baina oso gustura ikusi nuen. Zenbat gustatzen zaigun pobreoi aberatsak sufritzen ikustea, euren burbuilatik at dagoen guztiarekiko duten ezjakintasunak barregarri uzten dituela ohartzea!

Gai orokorra hori izanik ere, denboraldi bakoitzak badu bere berezitasuna: lehenak diru-gosean zuen oinarria eta, bigarrenak, aldiz, sexu harremanetan. Hirugarrena, ordea, heriotzan eta ekialde urruneko espiritualitatean ardaztuko omen da. Aurrekoekin gertatu ez bezala, oraingo honetan gaia entzun eta berehala piztu zait jakin-mina: okzidentalok ekialde urruneko sinesmenen aurrean izan dugun jarrera era berean paternalista eta mireslea nahikoa gai potoloa iruditzen zait jorratzeko. Ea zer moduz doan; oraingoz, 2025era arte itxaron behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.