Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Adinekoak

2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Apirilaren 29an ospatu zen Europako Belaunaldien Arteko Elkartasun eta Kooperazio Eguna, eta, efemeride horren harira, Bergarako Txapa Irratian familia eta gizarte-balioak hizpide izan zituzten Belaunaldi arteko elkarrizketak saioaren bigarren atalean. Hilabete bat lehenago, protagonista ezberdinekin, gazteen eta adinekoen arteko lehenengo solasaldia egin zuten. Orduan harremanei buruz hitz egiteko batu ziren adin ezberdinetako solaskideak mahai baten inguruan.

Irratsaioa Bergarako Udalak eta Mariaren Lagundia ikastolak aurrera daramaten Bergarako Adinduak Erdigunean programaren barruan dago, eta Goi Mailako Gizarteratzeko Teknikari Graduko ikasleek gidatzen dute, Erdi Mailako Mendekotasun Teknikari Gradukoekin batera. 65 urte baino gehiagoko pertsonak gonbidatzen dituzte gazteen eta adinekoen arteko elkarrizketa horietan, eta helburua dute, batetik, adinak dakarren bakardadeari aurre egiteko beste tresna bat eskaintzea, eta, bestetik, elkarren arteko entzuketa, eta horrek dakarren ezagutza eta besteen ulermena.

Ez da batere ezohikoa irratiaren erabilera sozial hori; beste udalerrietan ere antzeko lankidetza-programen barruan hirugarren sektoreko irratiek topagunea eskaintzen dute gainerako programazioetan tokirik ez duten pertsonen ahotsak entzuteko (buru-gaixotasun bat dutenek edo kalean bizi direnek egindakoak, kasu). Nik, berriz, arreta beste alderdi batean jarri nahi dut; izan ere, nabarmentzekoa iruditu zait hirugarren adinekoek irrati-programazioetan duten ahots urria.

Ezin ukatu albisteetan 65 urteak beteak dituztenen politikari, enpresaburu edo adituen adierazpenak maiz entzuten direla; noizbehinka, pertsona edadetuen ajeak eta zahartzaro osasuntsu eta zoriontsu izateko aholkuak ere ematen dira, eta badaude inoiz jubilatzen ez diren esatariak. Entzuleen artean ilea urdindua dutenak asko badira ere, ez dut gure irratietan adineko pertsonen egunerokotasuna eta berezko begirada eskaintzen dituztenak (bakan batzuk badaude gaztelaniaz eta frantsesez). Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari da, eta, hurrengo urteotan, baby boom delakoaren seme-alabak adinekoen klub horretan sartzen joango gara —hori espero dut, behintzat—; beraz, gazteak erakartzeko ahaleginetan dauden programatzaileek hobe lukete entzule horiek guztiak ez baztertzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.