Sara Azurza
'Ekografiak'

'Adolescence' Emmy sarietan

2025eko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den igandean, irailaren 14an, Emmy sariak banatu zituzten Los Angelesen. Emmyak AEBetan telebistaren arloan ematen diren sari ospetsuenak dira, eta telebista-programa, aktore, gidoilari, zuzendari zein bestelako profesionalen lana aitortzen dute.

Urteko irabazle nagusia Apple TV Plus plataformako The Studio komedia izan da: hamahiru estatuatxo lortu zituen, tartean komedia onenarena. Apple TV Pluseko Severance dramak, 27 izendapenekin hautagai nagusia zenak, zortzi sari jaso zituen, baina HBO Maxeko The Pitt-ek gainditu zuen drama onenaren kategorian. Eta Owen Cooper, 15 urte dituela, Emmy bat jaso duen gizonezko aktore gazteena bihurtu da, Netflixeko Adolescence telesail arrakastatsuari esker.

Adolescence. 2025eko martxoan Netflixen estreinatu zuten lau ataleko telesail txiki hori, eta Liverpool ondoko herri batean girotua dago. Polizia Miller familiaren etxean bortizki sartzen denean hasten da istorioa, seme gazteena, Jamie (Owen Cooper), atxilotzeko; bere adineko neska bat hiltzea leporatzen diote. Gurasoek (Stephen Graham, Christine Tremarco) eta arrebak (Amelie Pease) ezin dute sinetsi: beldurra, nahasmena eta negarra dira nagusi. Adolescence-k nerabeek Internet bidez jasotzen duten mugarik gabeko informazioari eta indarkeriaren presentziari buruz hausnartzen du, baita gurasoen erantzukizunaz eta sare sozialen arriskuez ere. Jack Thornek eta Stephen Grahamek sortutako lau atalak gogorrak dira, baina benetan gomendagarriak. Gainera, telesailaren ezaugarri bereizgarriena etenik gabeko grabaketa aparta da. Hau da, atal bakoitza eszena jarraitu bakarrean filmatua dago, eta horrek kaosaren eta larritasunaren sentsazioa areagotzen du, dudarik gabe.

Cooperrek Emmy saria jaso zuenean aitortu zuen duela bi urte hasi zela aktore-ikasketetan, inolako itxaropenik gabe. Ez omen zuen inoiz imajinatuko horrelako sari bat jasotzea. Horregatik, ikuslea ametsei jarraitzera eta erosotasun-eremutik kanpo pausoak ematera animatu zuen.

Azkenik, aipatu beharrekoa da ekitaldian Palestinaren alde egin ziren aldarrikapenak. Horrelako sari banaketek erakusleiho globala eskaintzen dute, eta hainbat eragilek aukera baliatu zuten haien mezua lau haizeetara zabaltzeko. Javier Bardemek Palestinaren aurkako genozidioa ozen salatu zuen komunikabideetan, eta Hannah Einbinderrek ere bere jarrera argi utzi zuen Hacks telesailagatik saria jasotzean: «Go Birds, Fuck ICE, Free Palestine».


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.