Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Agian?

2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Lagun batek katua ekarri du. Lehen aldia da animalia bat zaintzeko ardura duena. Oraingoz, nahiko ondo moldatzen ari da. Halere, ez ditu katuaren hainbat jarrera ulertzen. Maitagarria da; baina laztantzen duenean, kasurako, kosk egiten dio sarri. Dioenez, ez da amorruz egindako koska. Nahiago du, ordea, animaliak halakorik egingo ez balu. Katuek, bestalde, marraka ugari egiten dituzte. Bakoitza, gainera, esanahi ezberdinekoa da. Lagunak, zehazki, zailtasunak dauzka horiek interpretatzeko. Eta nahiko luke animaliak gehiago ezagutzen laguntzeko telebista saio bat. «Afaldu ostean, prime time-an, sofan eserita ikusteko».

Nork ikusten du telebista modu tradizionalean? Alegia, sofan eserita eta parean tokatzen denari begiratuta? Zuetako batzuek, ziurrenez, jada ez duzue telebistarik etxean. Beste batzuek, ordea, bai; eta eduki jakinak ikusteko erabiltzen duzue gailu tradizionala. Areago, hainbat saio bertan ikusten hasi, baina nahieran edo streaming bidez amaitzen dituzue. Lagunak telebista piztu eta dagoena ikusten duela azaldu dit. Hau da, ez lioke gogaituko ordutegi baten menpe egoteak, animalien gaineko saioa ikusteko. Izan ere, ez dauka Netflix, Amazon edota HBO plataforma digitalen harpidetzarik.

Bada alderantzizko bidea egiten duen jendea. Sarean telebista saio batekin topo egin eta zuzenean ikusteko gogoa pizten diena, alegia. Horrela azaldu zuen Gaizka Izagirre kazetariak Euskadi Irratiko Baipasa saioan, joan den astean. Kasu horretan, La2eko Un país para escucharlorekin gertatu zaio. Ildo horretan, nabarmenduko nuke sare sozialek ikusleak harrapatzeko duten indarra. Saio bat zuzenean zein streaming bidez ikus dezaten.

Estrategia digitala beharrezkoa da. Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak atzoko BERRIAn esan zuen «euskarari gero eta premiazkoagoa zaion katebegia» dela eremu digitala. Edorta Arana EHUko irakasle eta ikertzaileak, bestalde, honakoa zioen Ihesaldia telesailaren gaineko ikerketaz: «Gazteek ohiko telebista pantailetatik harago dauden edukiak ikusten dituzte. Ezin da itxaron etor daitezen; dauden lekuetara joan beharra dago». Agian, ikus-entzunezko eduki espezifikoak ekoitzi beharko genituzke, nahieran eta modu tradizionalean pantailaratzeko. Gazteak eta ez hain gazteak asebetetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.