Astelehen gauean, esan bezala, «terrorismoaren biktimen» ikuspegia ere eman nahi izan zuten ETBko albistegiek. ETAren agiriak utzitako gogoetak eta gorputzaldia erakustea omen zen helburua. Batetik, Yupiren munduan bizi den herriari; bestetik, egiaren ikuspegi gordinagoa espero duenari.
Ulergaitza izan zen Gaur Egun-eko planteamendua. Albistegian lehenengoz, ETAren iraganeko ekintzen irudiak hautatu zituzten. «Terrorismoaren biktimek» gertatua ez ahazteko eta errudunak tinko zigortzeko nahia zutela azaldu zuen, bien bitartean, off-eko ahotsak. Erreportajean, halaber, adierazpenen hemerotekara jo zuten. Ez nolanahi, gainera. Rekalde eta Pagazaurtunduaren hitzak sartu zituzten. Ez, noski, astelehenekoak. Hemerotekaren zabaltasunean, justu, jakin batzuen alde egin zuten. Nahierara. Ulergaitzago Teleberri-koa. Erreportajea baztertu arren, taktika fin eta eraginkorragoaren alde egin zuten. Josu Pueyes, Eduardo Pueyesen anaia, gonbidatu zuten zuzeneko albistegira. Gutxitan izaten dira gonbidatuak platoan. Berezia behar du arrazoiak. Agiria izango da berezi, agian. Izan ere, aurkezleak berak aitortu zuen Josu Pueyes ez dela «terrorismoaren biktimen» inongo elkarteren bozeramaile. Bere buruaren ordezkari baino ez. Larritasuna aski ez, eta zalantza ostera. Hasi orduko, Gaur Egun-eko albistean emandako mezu bera indartu baitzuen. Aurrera egin ahala, Yupiren munduko bizilagunak seko lo bagina bezala, sektore gogorrari dagokion mezua, zuzena eta gogorra. Bazirudien galderak ez ezik erantzunak ere aurrez prestatuak zirela. Edonork ez baitu albistegi batean bere izenean mintzatzeko aukera izaten.
Halako egunetan, albistegia gidatzeko moduak esan nahi duena baino gehiago adieraz dezake. Moduak eta moduak daude. Gehienek nazioarteko hedabideen oihartzunaren bidea aukeratu zuten. Hain zuzen, norbere tesiarekin bat datorren hedabide multzoa hartu eta haien izenburuak bata bestearen atzetik ematea. ETBk bestelako bidea erabili zuen. Adierazpenen bitartez egin zuen. Egunekoak eta hemerotekakoak aukeratu zituen, ideia batzuk baztertuz beste batzuk indartzeko. 20 minutu eskaini zizkioten ETB1en zein ETB2n. Eta inork ez dizkio albiste bati hogei minutu eskaintzen helburu jakin bat izan gabe. Postrea «terrorismoaren biktimen» eta Pueyesen esana izan zen.
Ekografiak
Agiria agerian (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu