Arantza Gutierrez.

Ahalduntzea

2023ko abenduaren 03a
05:00
Entzun

«Esateko zerbait duen eta entzulerik aurkitzen ez duen pertsona egoera txarrean dago. Baina are okerrago daude esateko zerbait duenik aurkitzen ez duten entzuleak» idatzi zuen Bertold Brechtek bere Irratiaren Teorietan, duela mende bat. Gaur —esango nuke— edozein entzulek topa dezake gustuko duen saiorik, uhinetan ez bada, Interneten, behinik behin. Eta gero eta gehiagok, interesezko edukirik topatzen ez dutenean, beraiek egiten dute, adituko duenik topatuko dutela jakinda. Auzia ez datza entzule-kopuruetan, baizik eta eskainitako mezuaren bila dabilena aurkitzean, eta, ikasle batek aitortu zidan moduan, mezua gutxik entzuten badute ere, bidean «ahalduntzen» gara, eta hori nahikoa da merezi izan duela sentitzeko.

Irratiak ahalduntze tresnatzat izan dezakeen gaitasuna hasieratik sumatu zuten pentsalari batzuek, baita ekintzaile feministek ere; aipatzekoa da, adibidez, Teresa Eskoriatzaren diskurtsoa, zeinetan irratiak emakumeei irekitzen zizkien hezkuntza aukerak goraipatzen zituen; hura bera gaitasun horretaz baliatu zen bere hitzaldi «femeninoen» bidez. Europako irrati libreen mugimenduak, Latinoamerikako komunitarioak edo Afrikakoak ere badira ahalduntze potentzialtasun horren adibideak. Gaur, berriz, podcastek bereganatu dute, hein handi batean, funtzio hori. Abantaila batekin: ez dira eterean desagertzen, hor geratzen dira, aditu nahi duenak topa ditzan, zain.

Ez dakit Ikerl(h)ari podcasta egin duten ikerlari gazteek ahalmen hori kontuan hartu duten saioa egiteko unean. UEUren eskutik eta Ingeniaritza Aplikatutik datorren Unai Lertxundi Ferran ikerlariaren gidaritzapean, lau saiotan, Euskal Herriko unibertsitateetako ikerlariek —bereziki euskaraz ikertzen dutenek— gainditu behar dituzten erronka nagusiak plazaratu dituzte, ibilbide akademikoan murgilduta dauden zenbait gazterekiko solasean, azaroan zehar argitaratu badituzte ere, entzungai geratzen dira, eta esango nuke oso testigantza baliagarriak direla bizi dituzten egoerak ikusgai jartzeko, laborategi edo liburutegietako isiltasunean gera ez daitezen.

Ahaldundu ez dakit, baina seguru trebatuko direla, Euskararen Egunaren harira, asteartean egingo den EHUko irrati maratoian zuzenekoaren zirrara biziko duten ikasleak. Honako honetan, Pertsonak hizkuntzaren bidez arrazializatzen ditugu? galderari erantzuten saiatzeko profitatuko dute aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.