Arantza Gutierrez Paz.
Irratia-podcastak

Ahanztura

2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Nora doaz jarraitutasunik ez duten irratsaio eta podcast horiek? Ilusio handiz abiatzen diren irrati-proiektu haiek? Lekutxo bat hartzen dute gure faboritoen artean eta bat-batean, abisurik gabe, isilik geratzen dira, haien hotsaren umezurtz utzita, noiz itzuliko diren zain edo bueltan ez direlako nostalgiaz… Zenbaitetan haien aztarnak topatzen ditugu, agian beste zerbaiten bila gaudenean, edo, bestetan, aldiz, gurekin gurutzatzen diren egun berean jakiten dugu dagoeneko ez daudela.

Aste honetan itzuli da Kirolari Gaittun saioa, Lara González IDK Euskotren saskibaloi-taldeko jokalariari egindako elkarrizketa batekin. Hilabeteak isilik egon ondoren, Ana Urkiri kazetari eta aurkezleak geldialdi honen arrazoia ere eman digu lehenengo atal honetan: «Bakoitzak ere bere gauzak badauzka, egunerokoa, eta askotan ez dira uztargarriak zaletasunak eta beharrak». Agindu digu aurreko denboraldietan egon ez diren kirolariak ekarriko dituztela eta, atzera begira, gogoeta egiten du emakumezkoen kirolean egin diren urrats batzuen lekukoa izan direla hasi zirenetik.

Emakume kirolariei ahotsa ematen dion saio honen hurrengo atalen zain, beti entzun ditzakegu aurreko denboraldietan eskainitakoak, horien erregistroa baitago. Ez, ordea, urte askotan entzun genituen saio horienak, gure bizitzako soinu-banda osatu zuten soinuak… Duela gutxi pertsona bati azaldu nion Bilbo Handian izan ziren bi irratiren artxiboak gordeta dauzkadala; begiak zabal-zabalik, galdetu zidan ea entzuteko moduan ziren. Zoritxarrez, ez. Garai horretan, zintak behin eta berriz erabiltzen ziren, saio batzuk aurrekoen errautsen gainean grabatzen baitziren. Albistegietako erregistroak hilabete batez mantendu behar genituen bertan aipatzen ziren berrien aurrean erantzun-eskubidea bermatu ahal izateko. Halaber, oroitzen naiz, grabagailua soinean, betiko desagertu aurretik poteratu nahian, soinu batzuk gordetzen zituen irratilariaz.

Gaur, soinu denak hodeian geratzen dira, eskuragarri, gutxienez inork zerbitzaritik ezabatzen ez dituen bitartean, nahi dugunean gure hemen-eta-orainera ekartzeko prest, baita ibilbide iheskorra izan duten horiek ere. Eta zelako etsipena nirea gordeta neukan irrati horren loturan klikatu eta bere sintonia entzun ordez domeinua salgai dagoela edo marka komertzial batek erosi duela irakurtzean… Horrek bai ahaztea baitakar. Betiko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.