gorka julio
IRLEN SAREA

Albiste garrantzitsuak

2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erresuma Batuko Gobernuak estandar libreen aldeko apustua egin, eta LibreOffice ofimatika aplikazioa ezarri nahi du. Software libreko ofimatika paketearen GovOffice izeneko bertsio berezitu bat erabiliko dute horretarako. Ereduak baliagarria dirudi software librea oinarri duten soluzioak eskaintzeko, baita beste arlo askotarako ere.

LibreOffice ofimatika paketea aski ezaguna da: testu editorea, kalkulu orriak, aurkezpenak... egiteko balio du. Horrez gain, MS Officen dokumentuak eta Open Document Format (odt) dokumentuak ere erabil ditzake, beste askoren artean. Google Drive bezalako zerbitzuekin ere bateragarria izan daiteke, bertan sortutako eduki bat formatu egokian jaitsi, editatu eta berriro igo daiteke, adibidez. Esan bezala, LibreOffice software librea da. Beraien webgunetik jaitsi eta edozein tokitan eta lizentziarik ordaindu gabe erabil daiteke.

Orduan zer dela eta horren bertsio berezitu bat erabili? GovOfficen atzean dagoen enpresak, hark sortutako bertsioari zerbitzuak gehitzen dizkiolako hain zuzen. Enpresak, arazoen aurrean erantzuna, eguneraketak eta luzera begirako mantenua ere ematen dio produktuari. Erakundeok eta beste askok behar duten ziurtasuna eskainiz.

Techrepublic gunean Jack Wallenek dio eredu hori beste software tresna askorentzako baliagarria litzatekeela. Ereduak eskaini behar dituen bost puntu nabarmendu ditu ondo funtzionatzeko: mantenua, pertsonaliza zioa, hedapena, integrazioa eta eguneraketa. Gehigarri edo ezaugarri horiekin, ereduak beste mila tresnetarako ere aplikagarria dirudi.

Hala ere, ez genuke inoiz ahaztu behar software libreak existitzeko, aurretik software hori sortuko duen garatzaile eta erabiltzaile komunitate indartsuen beharra. Horiek gabe ez legoke ezerren gainean negoziorik eraikitzerik, ez bailitzateke produktua bera existituko.

Zerbitzuetan oinarritutako eredu horiek ez dira berriak. GNU/Linux sistema eragileen banaketen ingurukoak ezagunak izan dira; arrakastarekin batzuetan, baina baita porrot nabarmenekin ere. Oraindik ere erakunde eta enpresa batzuk ziurtasun eta zerbitzu gehigarriak horiek beharrezko izango dituzte, software librearen aldeko apustua egiteko. Baina albiste horiek guztiak garrantzitsuak dira horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.