Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Altxor bilakatzeko bidean

2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Aurrekoan X-n hainbat mezu ikusi nituen Touré detektibea telesailaren harira. Lan horretako euskarazko bikoizketaren kalitatetik harago, mezu horien funtsean bikoizketa berarekiko neke/sumindura/erdeinu puntu bat nabari zen. Ez naiz ni izango euskal bikoizketari harriak botako dizkiona; iruditzen baitzait sekulako kalitatea daukagula ahotsetan, interpretazioan, bikoiztutako edukietan. Baina zer esango dizuet: apur bat identifikatuta sentitu nintzen etsipen sentimendu horrekin.

Arazoa ez da bikoizketa bera: arazoa da, bikoizketa asko bai, baina euskal jatorrizko eduki gutxi daukagula. Arazoa da ez ditugula gure istorioak kontatzen, horretarako beharrezko bideak jartzen ez dizkigutelako. Normala, azken finean, Euskal Herriak bikoizketan sekulako kalitatea edukitzea: sistema batek ez duenean baliabiderik ematen ikus-entzunezko edukiak bertako hizkuntzan sortzeko, gizarte horrek bere irtenbideak topatu behar ditu, eta, beraz, jada sortuta dauden beste hizkuntzetako edukiak bertako hizkuntzara itzuli. Baina beste hizkuntza eta, ondorioz, errealitateetan sortutako istorioak gurera ekarri behar ditugunean ez dugu soilik aktoreen hizkuntza aldatzen: bertan kontatzen dena moldatu, egokitu, kirurgia egin, askotan adierazpenak kaltzadorez sartu behar izaten ditugu. Hizkuntza bat ez baita soilik araudi gramatikal eta hiztegi propio bat: hizkuntza bat komunitate batetik sortzen da, errealitate jakin batetik, eta herri horren adierazpen modurik handienetarikoa da.

Gutxi sortzen da, eta gutxi eman, gainera. Urtzi Urkizuren joan den asteko artikuluari helduz, datuak argiak bezain beldurgarriak dira: soilik abenduko eta urtarrileko eskaintza batuz gero, ETB2k 86 film eman zituen gazteleraz, eta ETB1ek, ordea, bakarra euskaraz. Onintza Enbeitak Zorrotz aldizkari digitalean eman zuen bideo bidezko elkarrizketan esan zuena ekarri nahi nuke gogora: euskara ez da altxor bat. Altxorrak kutxatan gordetzen dira, eta ezkutatu, gotortu, inork lapurtu ez ditzan. Euskara gure adierazpidea da, eta ogia erosi behar dugu horrekin, ikasi, haserretu, lan egin, amestu. Eta film eta telesailak egin eta ikusi, nola ez. Martxa honetan jarraituz gero, altxor bihurtuko da seguru, eta non ezkutatu genuen zioen mapa galduko dugu, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.