Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Amateurismoaz

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Inoiz baino zailago jarri dit Galarragak. Telebistako irudiei errepasoa egin ez ezik, bere atzoko zutabeak bertsotarako ere ematen zuen. Izan ere, irakurri ahala ezin izan nuen barruko erritmoaren loratzea sahiestu. Lepoa ezkerretik eskumara, saltoka. Borobila, bai jauna. Ze pena: programa batzuen kasuan, izena soilik aipatu zuen. Horietako batzuei zutabe oso bat ez die eskaini oraindik Galarragak. Ejem. Baina ez dut esperantzarik galduko.

Ez dut galduko Busti saioaren hurrengo emanaldia ere, aurreko zazpiak galdu ez ditudan bezala. Star Trekeko protagonistari gertatu bezala, bekaina igotzen zait, norbaitek emanaldia deskribatzeko amateur hitza erabiltzen duenean. Susmagarria da. Keinua errepikatzen da Hertzetan saioari tankerako kritika egiten diotenean. Zergatik? Argi dago lan egin, sortu eta esperimentatzeko gogo bizia duten gazteek sortutako proiektuak direla. Ez direla profesionalak. Ez daukatela arazoei aurre egiteko urteetako esperientzia. Badakit ez dela horrela, baina, hala ere, susmagarria iruditzen zait, eta kostatzen zait egia absolututzat jotzea. Amateurismoa arrakalatzeko, seguru asko, inolako fundamentu teorikorik ez duen argudioa botako dut. Nago zerbaitek amateur izateari uzten diola egileak bere eskura dauden baliabideen kontzientzia hartzen duenean. Hau da, eskura duen tresneriaren laguntzarekin, ekoizten duenari zukua ateratzen ikasten duenean. Ez duenean dena baino gehiago izateko pretentsiorik.

Biek zaindu dute esentzia hasiera-hasieratik: musika saioak, soinuaren kalitatea. Eta orotariko emankizunak, umorea eta informazioa euskaraz emateko aukera. Lehenengoak ondo menderatzen duena, hau da, soinua, nabarmen hobetu du bigarrenak. Horrez gain, hastapenetan ez bezala, jarrera geroz eta naturalagoa agertzen dute gidariek kamera aurrean.

Horrela ulertuta, Busti eta Hertzetan saioek badute amateurismoaz aparte non kokatu. Kamera ardatz saltoak behin eta berriz errepikatu zein racord akatsak maiz egiten dituzte. Eta zer? Azaldu digute gurpil bat nola aldatu. Eta azaldu digute, kotxean igo eta istripua dutela antzeztu bitartean. Umorea dute euren alde, saiatzen baitira estereotipoak deserrotzen. Eta umorea ohituren sustraietan elikatu baino gehiago, abiapuntu komiko berriak eraikitzeko saiakera egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.