gaizka izagirre
'Ekografiak'

Amorru-eztandak

2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda ez da, oro har, estreinaldien sasoirik oparoena izaten; hala ere, aurten ez gara ustekabe atseginik gabe geratu, eta horien artean bada aipamen berezia merezi duen bat: Furia.

Bost emakumek osatzen dute telesailaren bizkarrezurra: Marga (Carmen Machi) artista esnob eta bitxia. Haren senarra, Roberto (Alberto San Juan), telebistako zuzendaria da, eta Tinarekin (Claudia Salas), etxeko langilearekin, ezkutuko harreman bat du. Vera (Pilar Castro), Margaren laguna, sukaldari mediatikoa. Nat (Candela Peña) moda-denda bateko saltzaile xelebrea da. Adela (Nathalie Poza), Tinaren ama, langabezian dago eta amarekin batera etxegabetua izateko arriskuan da. Eta Victoria (Cecilia Roth), Adela eta Naten bizilaguna, 1970eko hamarkadan ospetsua izan zen aktorea da. Tartean, beste pertsonaia batzuk ere agertuko dira eta protagonista nagusien erregai emozional gisa funtzionatuko dute.

Guztiak meditazio talde batean elkartu eta laster askatzen dute barruan daramatena; muturreko egoeren aurrean, edozertarako prest agertuko dira. Pertsonaia horietako bakoitzari, gutxienez, kapitulu bat eskaintzen zaio, eta istorio bakoitza amorru-eztanda gogoangarri batekin amaitzen da. Narrazio guztiak gurutzatu eta elkartzen dira; mendeku-istorio labur horien egiturak Relatos salvajes film argentinarra ekarri dit gogora.

Pertsonaia horiek osatzen dute telesailaren ardatza, eta haietatik sortzen diren egoerak bortitzak dira, baina, aldi berean, oso dibertigarriak. Umore beltzaren zaleak garenontzat karamelu bat da Furia. Leherketa une horiei eta musika eta irudien arteko konbinazio bereziari esker, exploitation film-en esentzia arnasten da.

Kolore biziek, angelu handiekin grabatutako planoek eta, oro har, ukitu barrokoa duen eszenaratzeak nortasun bereziz aberasten dute Felix Sabrosok sortutako unibertso berezia. Aitor Etxebarriaren soinu banda bikainak irudiak sotilki zipriztintzen ditu: batzuetan, melodiek Dexter telesailaren ukitu ilunak dakartzate gogora; beste batzuetan, berriz, The White Lotus-en pintzelkadak sumatzen dira. Azken telesail horretan bezala, musikak eragin sakona du narrazioan, eta kontrapuntu zoragarria sortzen du pertsonaien eta egoeren aurrean.

Espainian aurten estreinatu duten telesailik indartsuena iruditu zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.