Kataluniako Diadak, hedabideetan izan zuen oihartzunaren nondik norakoak ezagutzeko jakingurak piztuta ari nintzen han eta hemen irakurtzen, ondoren bideoak ikusten, eta azkenik irudietan argazki mentala egin eta detaileak eskaneatzen. Miopearen sator begiekin prentsa aurrean nintzela bat-batean burura etorri zitzaidan, aldarrikapen ekintzen gainetik gailentzen diren politikarien nahitaezko protagonismoa, nolabait pertsona izateari utzi eta pertsonaia bihurtzen dituena. Ideia hori alde batera utzi, eta Diadan nire hausnarketa objektuan zentratzeko ahalegin neuronala egiten saiatu nintzen. Alferrik. Politikaria, pertsona eta pertsonaia kontzeptuen arteko zubia egin eta Joxean Arizkorreta buruan neukan sartuta, eta kito, kito! Ikus-entzunezko produktu gisa, analisi sakona egiteko parada ematen du telesailak, dudarik gabe. Besteak beste, zientzia fikzioa izan zitekeen arren, sinesgarria suertatzen zelako, nahiz eta, batetik, pertsonaia protagonista politikari maitatua izan, eta, bestetik, Jaun ta jabe telesailak, meta-telebista ariketaren bitartez, Arizkorreta lehendakariak sukaldaritza programa bat aurkezten zuela erakutsi.
Bada, urteek aurrera egin dute, eta fikzioa zena errealitate bihurtu da; politikari bat telebista saio bat aurkezten jarri dute. Ezin ukatu Miguel Angel Revillari kamera baten aurrean inolako filtrorik gabe burutik pasatzen zaiona botatzea, Santoñako antxoak jatea baino gehiago gustatzen zaiola, eta Mediaseti amarillismoa bezainbeste. Kontua da, saioko hainbat atal grabatu eta estreinaldia hilabete honetarako aurreikusita bazegoen ere, Este país merece la pena saioaren arrastorik ez dagoela emankizun zerrendan. Revilla berak ez du zergatia ulertzen. Esan duenez, «nik saioa ikusi dut, eta hamarrekoa da», baina badakigu norberak bere puskerrei ez diela kirats hiltzailerik sumatzen.
Anti-mimesia defendatzen zuen Oscar Wildek, The Decay Of Lying saiakeran «Life imitates Art far more than Art imitates Life» esaldi entzutetsua idatzi zuenean. Ez zituen Revilla ezta Arizkorreta buruan izango, baina haren ideiak ez du indarra baino hartu denborarekin. Izan ere, telebista modernoaren oinarri nagusia da anti-mimesia; ikusleak imitatu nahi du telebistak eraikitako errealitatea, telebistak errealitatea islatu bainoago.

EKOGRAFIAK
Anti-mimesia telebistan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu