Lide Hernando.
Telesailak

Artearen estolderia

2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Ekoizpen espainiar dezente ari dira argia ikusten azken hilabeteotan: Bartzelonako portua eszenatoki duen Mano de Hierro thrillerra, batetik, edota euskal aktoreen presentzia duten Muertos S.L. eta Bellas (Malas) Artes, bestetik. Aitziber Garmendia eta Lorea Intxausti asko preziatzen ditudan arren, gaurkoan ez dut Muertos S.L. lanaren inguruan hitz egingo, aipatu dudan azkenekoari buruz baizik. Izan ere, zer esan handia eman didan telesaila izan da.

Interneten komedia garratzaren definizioa bilatuz gero, Bellas (Malas) Artes telesaila agertu beharko litzateke adibide gisa. Inoiz ikusi dudan komediarik ez-komikoena da, tarteka barre algarak eragiten dituen arren. Sei kapituluz osatuta dago, eta arte garaikidearen museo bateko zuzendari berriari gertatzen zaizkionak ditu ardatz. Oscar Martinez argentinarrari ezin hobeto gelditzen zaio zuzendari kultu, harro eta zinikoaren papera.

Arte garaikidearen mundu elitistari kritika egitea hain da gai zabal eta aberatsa, ezen ezin baitut sinetsi orain arte horri buruzko hain lan gutxi egin izana. Sei kapitulu laburretan azpigai asko jorratzen dituzte: politikariekin loturak dituzten artistekiko faboritismoa, artista aberatsen kontzientzia ekologiko oportunista, immigrazioa, artea eta obra banandu edo ez banantzearen afera arantzatsua…

Hasieran komedia ez-komikoa dela esan dut, eta hori azaldu egin nahi nuke. Kontua da ikusleari barrea eragiteko intentzioa duten egoerak modu oso serioan –apika serioegian– aurkezten dituztela, eta ikuslearen bigarren zentzua harrapatzeko ahalmenean jartzen dutela egoera hori komikoa izatearen ardura. Vergüenza eta Vota Juan bezalako adibideak etortzen zaizkit gogora, batik bat protagonistak eragiten dituen momentu deserosoengatik, baina esango nuke Bellas (Malas) Artes oraindik muturrerago doala seriotasunean: badirudi sortzaileen ahalegina «serioa izan nahi duen, baina lortzen ez duen» lan bat aurkeztea izan dela. Azken finean, sortzen diren egoerek dute komikotasuna, ez pertsonaiek.

Martinezek lanari modu bikainean eusten dion arren, aipatu beharra dago Koldo Olabarri euskaldunaren lana, baita gutxiago agertzen diren Mikel Laskurain eta Aitziber Garmendia ere. Eztabaidak eragingo dituen telesail bat, dudarik gabe!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.