2024ko martxoaren 11ko Madrilgo sarraski hartatik hogei urte pasatu diren honetan, berriro ere atera da gaia mahai gainera. Aznarrek ETAri errua botatzeko eginiko trikimailuak susmo hutsetik beste zerbait izatera igaro dira, eta oraindik ere batzuentzat musulman, jihadista eta magrebtarren arteko bereizketa egitea zaila dela dirudi. Zurrunbilo mediatiko horren atzean ezkutatuta, Nos vemos en otra vida telesail espainiarra estreinatu du Disney Plus plataformak. Nahiko interesgarria eta mimoz tratatua izan dela iruditu zait.
Interesgarriena M-11n jazotako gertaera lazgarria kontatzeko erabili duten ikuspuntua iruditu zait, ez baitira jihadisten erasoaldian zentratu, baizik eta lehergailuetako batzuk –ustez zer egiten ari zen jakin gabe– eraman zizkien gazte asturiar baten bizitzan. Gabriel Montoya, Baby ezizenez ezaguna zen 16 urteko behe-klaseko asturiar gaztea, da istorio honetako protagonista; eta, egin zuena justifikatzeko inongo intentziorik gabe, oso modu neutralean erakusten digu sei ataletako telesail horrek nola heldu zen gazte hau jihadistekin harremana izatera. Apur batez familiari laguntzeko, eta beste apur batez bere handinahia asetzeko, drogaren kontrabandoan hastetik lehergailuak garraiatzera pasatu zen Baby, bera baino zaharragoa zen gizon asturiar baten eraginpean; eta hura izan omen zen lehergailuak garraiatzeagatik atxilotu zuten lehena. Manuel Jabois kazetariak jaso zituen bere ibilerak Nos vemos en esta vida o en otra izeneko liburuan, eta hartan oinarrituta egin dute telesaila.
Gutxitan eman digu fikzio espainiarrak Asturiasko meatzaritzaren testuingurua gertutik ezagutzeko aukera. Ez dago dudarik pantailetatik baztertutako erkidego bat izan dela; eta agian horrexegatik iruditu zait azkenaldian ikusi ditudan beste telesail espainiar batzuk baino freskoagoa. Avilesko aldiri grisak, euriz estalitako meatzeak, haxixaren kontrabandoa… fisikoki eta ekonomikoki eguzki handirik ikusten ez duen Asturias horren erretratu gordina aurkezten du telesailak. Castinga ere mimoz hautatu dutela esango nuke; Baby izeneko mutikoaren papera egiten duen aktoreak benetako adingabea dirudi, eta orokorrean ez dago oso ezaguna den aktorerik, Jaboisen papera egiten duen Jaime Zatarain kenduta. Gomendagarria!