gaizka izagirre

Atzera goazela aurrera ez bagoaz!

2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Ikus-entzunezkoen lege berriari esker, VoD plataformak hasiak dira euskarazko azpidatziak eta, neurri xumeagoan, bikoizketak ere eskaintzen. Euskarazko azpidatziek loraldi txiki bat bizi dutela baiezta daiteke. ZerNonIkusi ekimenak egiten duen lan itzelari esker, erraz egiaztatu daiteke hori; izan ere, ia astero argitaratzen dituzte euskarazko katalogoa elikatzen duten izenburuen zerrendak. Gainera, Katalunian garatutako plugin baten euskarazko bertsioa ere kaleratu berri dute Netflixen berez euskarazko azpidatzirik ez daukaten filmetan, kasu batzuetan, azpidatziak gehitu ahal izateko.

Albiste pozgarriak dira zinez, baina, euskarazko eskaintzaren kantitatea handitu dela nabaria den arren, kalitatea da kezkabide askorentzat. Josu Barambones itzultzaileak, adibidez, tristuraz behatu ditu streaming plataformetan azaltzen diren euskarazko azpidatziak. Ageriko akats asko daude, eta, hortaz, azterketa egin du, Netflixen dauden bost ikus-entzunezko hartuta.  Ondorio penagarriak atera ditu. «Esango nuke gramatikaren erabateko kolapso baten aurrean gaudela, eta kolapso hori oso zabalduta dagoela aztertu ditudan testuetan», dio Barambonesek. Azpidatzien hizkuntza-kalitatea aztertzerakoan ez da ibili euskara perfektu eta makulagabe baten bila, baina ispilu bat behar zuela dio azterketa linguistikoa egiteko. Ispilu hori euskara batua izan da, eta oroz gain hiztunen idatzizko erabilera landuak ezarritako arau eta konbentzioak.

Itzultzaileak, bikoizleak, Pantailak Euskaraz, Game Erauntsia, #3000twitz, ZerNonIkusi, Euskal-Encodings… Zorionez, badira euskara pantailetan txertatzeko ahaleginean lan miresgarria egiten dutenak. Zer gertatzen da, ordea, Jaurlaritzako kultura eta ikus-entzunezkoen politikarekin? Irailean, Euskal Herriko hainbat eragilek, Aldatu gidoia kanpaina abiatu zuten, Jaurlaritzari eta EITBri eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Kideek agerraldia egin dute berriki Eusko Legebiltzarrean eta kanpainaren aldarrikapenak ezagutzera eman dizkiete, baita 2024ko Jaurlaritzako kultura politiketan eta aurrekontuetan eskaerei jaramon egiteko ere. Ea esandakoak aintzat hartzen dituzten; «atzera goazela aurrera ez bagoaz», Berri Txarrak-ek dixit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.