Zaila ez, ia ezinezkoa da gaurko gomendioak duen aura deskribaezina hitzen bidez transmititzea, baina saiatuko naiz.
Laneko gertakari deseroso baten ondoren, William Ronald Trosper izeneko langilea oso larria dirudien konspirazio bat ikertzen hasi da, eta horrek pertsonalki eragiten dio. Thriller kutsua duen premisa hori irakurri ondoren, telesail serio eta misteriotsu bat ikusiko duzula pentsa dezakezu, ezta? Tira, egia da elementu horiek badituela, baina muinean, istorioa absurdoa eta zentzugabea da, bertatik jaioko da telesailaren umore bereizgarria: deskribaezina, bizarroa eta batez ere absurdoa. The Chair Company izeneko proposamenaz ari naiz.
Aurkezpen jendetsu batean, eszenatokian dagoen eserleku batean esertzera doanean… krak! aulkia hautsi, eta protagonista lurrera erortzen da, ehunka begiren aurrean. Gertaera horrek sortzen dion lotsa, ezinegona, inpotentzia eta frustrazioa hain handia izango da, aulki hori fabrikatu duen enpresa ikertzea erabakiko baitu, atzean konspirazio bat dagoela sinetsita. Guztia, absurdokeria etengabetik irten gabe, ilunduz eta korapilatuz joango da.
Tim Robinson —The Chair Company telesailaren aktore protagonista, gidoilaria eta sortzailea— nor den azaltzea ezinbestekoa da: komediante, aktore eta gidoilari estatubatuarra da, eta gero eta presentzia handiagoa du komedia garaikidean. Komedia deserosoa, absurdoa eta molde konbentzionaletatik at sortutakoa maite baduzu, gorde ongi haren izena buruan. Aldiz, umore mota hori gustuko ez dutenek gorrotatu egingo dute.
Telesailak komedia deserosoa eta thriller konspiratzailearen egitura uztartzen ditu, eta horrek sentsazio hibrido zirraragarri bat sortzen du: barre eginarazten dizu, baina aldi berean ezinegon puntu bat uzten dizu sabelean. Errealitatearen eta paranoia komikoaren arteko muga lausotuz doa pixkanaka, eta horrek telesailari nortasun berezi eta bakarra ematen dio; egoera grotesko bakoitza benetan gerta daitekeen zerbait balitz bezala aurkezten duelako.
Deserosoa izateko beldurrik ez duen komedia berritzailea eta berezia da, desorientazioarekin jolasten duena, eta hutsala dena balizko paranoia bihurtzen duena. Onerako zein txarrerako, aurten, eta ziurrenik denbora luzez, ez duzu proposamen horren antzekorik ikusiko.