Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Aurkezlea aurkeztu

2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Aurkezlearen eta iritzi emailearen arteko muga gero eta lausoagoa den garaiotan, badirudi programa gidariaren figura klasikoa babestu beharreko espeziea dela. Betiko legez, atzera begirakoak nostalgia pizten du; eredu klasikoen elegantzia eta seriotasuna in memoriam. Haatik, orduko irudi konposizioa ez zen inondik inora gomutek irudika dezaketena bezain ideala; genero berdintasunaren alorrean lan handia egiteko zegoen. Eta gaur egun ere, alor bertsuan, dezente daukagu eraiki eta eraldatzeko.

Sentsazioa daukat aurkezlearen instrumentalizaziotik humanizaziora egitea dela joera telebisiboa. Horren adibide dira, besteak beste: umoreak eraikitako mitoak inguratzen duen Jordi Hurtado bera, zeina agertu den telebistako iragarki batean hilezkorra dela esaka. Pedro Piquerasek makinek egindako «etxeko salda» atsegin duela azaldu digu. Eta Ana Urrutia metaposta zerbitzuaz fio da. Ez dira aurkezle edo gidariak soilik; ikusleak gizaki egiten ditu horrela. Eta marketinaren aldetik ni-branding ariketaren fruitu dira. Baina hala ere, badirudi moral bikoitzean murgilduta gertatzen ari dela trantsizioa. Informazioa transmititzen duen aurkezlean konfiantza izan behar dugu, baina era berean, nola sinetsi jatorri eta inguru ezagunik gabeko pertsona batek dioena? Galdera horrek tokirik badu, eginkizun profesionalaren esanahiak indarra galdu duela bakarrik esan dezake.

Moral bikoitz horren eredu da Sandra Barneda, esaterako. Lau haizeetara, prime time-ean, bere joera sexuala azaldu zuen. Askok lotura emozionala egin eta haren sinesgarritasuna indartuko zuten. Orain, ostiral gaueko saioa gidatu ez ezik iritzia ematen du. Beraz, aurrerantzean nola ulertu behar da Barnedak ez duela ikuslea iritzi jakin batera gidatu nahi? Iritzia gidatzen duen aurkezleak informazioa kudeatzeko postuetan lan egiteko aukera izan behar du?

Maddalen Iriartek, Soinu Ehiztaria saioan egin zioten ikusi beharreko elkarrizketa interesgarri eta mamitsuan, azaldu zuen nola kazetaritzan objektibitatea ez den existitzen. Pertsonalki azaldu beharrekoarekin bat egin edo ez,zintzotasunez jokatzea dela errealitatearen ertz guztiak azaltzea. Ezagutu genuen haren bizitzaz, bai, baina profesionaltasun koherentearekin. Horregatik dira Azpimarra eta Iriarte bera erreferente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.