Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ausartu pentsatzen

2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hilketaz, poliziaz, polizia-ikerketaz, distopiaz, epopeia historikoz, mundu fantastikoz, aberats okituen dramaz eta horien gisako ihesbidez enpo eginda, Merlí: Sapere aude telesailaren bi denboraldiak ikusteari ekiten dionak ez du seguru askorik dezepziorik jasoko, aurrekaria, Merlí, gustuko izan baldin bazuen behintzat. Ez du hark bezain ezustean harrapatuko, jakina, baina behin ikusten hasita normalena berandu baino lehen bi denboraldietako atal guztiak ikustea izango da.

Euskaraz mintzatzen ezagutu genuen askok Merlí. ETB1ek bikoiztuta eskaini baitzituen telesailaren hiru denboraldiak osorik, 40 atal guztira, Hector Lozanok sortuak eta Eduard Cortesek TV3erako zuzenduak 2015 eta 2018 artean. Azken atalean, protagonista, Merlí Bergeron filosofia irakaslea (Francesc Orella) hil egin zen, baina telesail hartako gainerako pertsonaietako askok eman diote bizia gero Merlí: Sapere aude deritzon sekuela-ri, denen ardatz nagusi Merlí zenaren ikasle kutuna dela, Pol Rubio (Carlos Cuevas), Maria Bolaño irakaslearekin batera (Maria Pujalte). Hector Lozanok sortua da Merlí: Sapere aude ere, Merlí bezala, Alfonso Diazen laguntzaz, eta Menna Fitek zuzendu du Movistar Plus eta TV3entzat. Bi denboraldi izan ditu, 2019an lehena eta aurten bigarrena, eta orotara 16 atal. Horiek, ordea, ez daude euskarara bikoiztuta eta, tamalez, ez dirudi asmorik dagoenik.

Merlí-n bezala, Merlí: Sapere aude-n ere era askotako gaiak agertzen dira, denak edozein ikusleren bizitzarekin zuzenean ez bada zeharka lotuak, denak gure eguneroko bizimoduan noiznahi planteatu daitezkeenak, eta horien tratamendua irekia eta gatazkatsua da, irtenbide magikorik eta ikasbide ziurrik gabekoa. Horretarako, era askotako pertsonaiak darabiltza, bakoitza bere akats eta bertuteekin, baina pertsonaia gisa aberatsak denak, edo gehienak behintzat, bakoitzak bere ekarpena egiteko indarrez ondo hornituak.

Sapere aude «latinezko esaera bat da», Wikipediak dioenez, «Ausartu jakiten» esan nahi omen du. «Zeure arrazoi propioa erabiltzeko ausardia izan ezazu» gisa ere interpretatzen omen da. Jakiten laguntzen duen ez dakit, baina, Merlí-k bezala, pentsatzen behintzat bai, laguntzen du Merlí: Sapere aude-k. Izenburu egokia izango zukeen Merlí: Cogitare aude ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.