Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Autofikzioa

2023ko apirilaren 04a
00:00
Entzun
Azken urteetan literaturan autofikzioa modan dago. Genero horrek kritika asko jaso izan ditu, batez ere emakumeak autofikzioa egiten hasi direnean. Ikus-entzunezkoetan antzekoa gertatu da eta autofikziozko telesail eta film asko egin dira. Azken adibidea gaur Filminen estreinatuko den Selftape telesaila da. Azken egunetan Urtzi Urkizuk eta Lander Arretxeak telesail horren inguruan idatzi dute, eta nik ere ekarpena egin nahi dut.

Selftape-k Joana eta Mireia Vilapuig ahizpen istorioa kontatzen digu. Autofikzioarekin jolasten dutela jakinda, ez dakigu zehazki zer den egia, baina hori gutxienekoa da. Filmen eta telesailen atzean gertatzen dena kontatu digute bi ahizpek. Beraien desirak eta eskubideak ezerezean geratzen dira, casting zuzendarien nahiak irabazten duelako. Beren lana oso ona izan daiteke, baina sexiagoak izan behar badira eta ez badute hori lortzen, zuzendariak alde batera utziko ditu.

Telesailaren azken kapitulua ikusi ostean, Javier Ambrossiren eta Javier Calvoren Paquita Salas etorri zait burura. Telesail horretan, kameren atzean zegoen lana ikusten zen modu dibertigarri batean. Brays Efe aktoreak egindako paperaren bitartez, aktoreen agentzia batean zegoen lana ikusi genuen eta telesail hartako protagonista guztiekin barre egin genuen.

Vilapuig ahizpen telesailean barre gutxi aurkituko ditugu. Haien errealitatea modu gordinean erakutsi digute. Casting proba batera iritsi baino lehen, etxean bideo bat egin behar dute. Bideo horien ostean, ez dakite zer motatako galderak jasoko dituzten eta, proba guztiak egin ostean, beren postua ezin dute ziurtatu. Hori guztia kontatzen duten bitartean, bi ahizpen arazoak eta beldurrak ezagutuko ditugu. Kapituluak pasatu ahala, bi ahizpak bizitakoa ezagutuko dugu. Bien arteko erlazioa zaila da une askotan, baina bien arteko laguntza ezinbestekoa dute. Fikzioan sexu eszena bat ikusten dugunean, aktoreak nola dauden ezin dugu jakin. Beren lana egiten ari dira, baina haien desira eta eskubideak babesten ari dira? Telesailak horren inguruan hausnartzeko aukera eman dit, eta argi dut oso beharrezkoak direla gaur egun ezartzen ari diren intimitatearen protokolo eta arduradunak. Lan horri esker, ikuspuntu feminista edonon beharrezkoa dela berretsi egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.