Por fin es viernes saioan 4F kasuaz hitz egin zuten. Kostatu zaio gure telebista publikoari afera garrantzitsu horri tartea egitea. Bazen garaia. Aurkezleak azaldu zuen gurean ez dela oso kasu ezaguna. Hala da, baina ez da izango protagonisten aldetik aukerarik izan ez dugulako; Donostian bakarrik, urtebeteko tartean izan dira Koldo Mitxelenan, Guardetxean eta Zinemaldian, hiru data ezberdinetan.
Zain nengoen noiz aterako listoa loreontzia bota zuenaren burua eskatzen. Paloma Zorrillaren ezjakintasun harroputzak ez du hutsik egiten. Nork bota zuen jakitea garrantzitsua da, baina ez hainbeste ustelkeria sarea deseraikitzeko. Arduradunak ordaindu lezake, baina bere izena ez dakigulako zilegi al da eraiki duten gezur sarea lotzea? Bestelako galderak ditut. Noiztik ari da Bartzelonako botere betearazlea halako jarrerarekin herria zapaltzen? Botere betearazlearen ekintzak aztertzen dituen egitura beharrezkoa da? Hala bada, botere horren estatu kideek osa lezakete? Diskurtso erridikulu eta mingarriz busti zuen Zorrillak bere ateraldi bakoitza. Agidanez, hainbat kontzeptu hutsune ditu, artean, soilik ulertzen du biolentzia kontu fisikoa dela. Andre ikasitzat du bere burua, baina nonbaitetik hasi nahiko balu, buelta pare bat eman diezaioke Foucaulti. Mar Huidobrok —auzia pairatu zuen Rodrigoren ama— ez zuen arazorik izan txio bat zela medio, Zorrilla kafe batera gonbidatu eta dokumentazioa oinarri berarekin eztabaidatzeko. Argi daukat Huidobrok egingo lukeela lasai asko.
Behar izan dituzte hainbat urte, Ciutat morta dokumentalari esker 2006ko otsailaren 4ko gertakariak lau haizeetara zabaltzeko, eta oraindik ezagutza kontu minoritarioa da. Bere garaian hedabideek informatu zuten, baina ez biktimen aldetik. Hala ere, handikeriatan minoritarioa da. Kontuan izatekoa da Rodrigo inguru militantetik datorrela. Borrokarako prest den esparru iraultzailetik, alegia, sisteman arrakalak sortu nahi dituen zirkulu batetik. Borroka diodanean, eta berak ETBk aukeratutako bideo korteetan mendekua nahi duela dioenean, ez da biolentziaz ari. Argi gera dadila hori. Gizartea arautzen duen sisteman pazifikoki aldaketa eragiteaz baizik.
Zenbat Rodrigo, Patri… izan dira eta daude itzalean? Zergatik kostatu da hainbeste telebistan tartea lortzea?

EKOGRAFIAK
Azkenik, 'Ciutat morta' eta 4F
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu