Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bada esperantzarik

2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ikusleak behar ditu telebistak. Baina ikusleak pilatzeko behar da telebistan agertuko den jendea. Jende ona, ahal dela. Pantaila orduak betetzeko modu merke eta eraginkorrena hankabikoak hizketan jartzea baita oraindik. Baina, horretarako, prest egon beharra dago. Prest, bi adieratan: gogoz batetik. Eta horretarako, komeni da aurretiazko esperientzia traumatikorik ez izatea; ez sentitzea telebista saio batek edo erredaktore batzuek gaizki zaindu zaituztela. Prest, bestetik, gaitasunei dagokienez. Zeresana, komunikatzeko talentua eta grazia; hirurak badituzte, hobe.

Ez da behatzaile finegia izan behar ezaugarri horiek denak batzen dituzten euskaldunak gutxi direla konprobatzeko. Dauden apurrak Herri Txiki, Infernu Handi-n aterarazi dituzte jada. Edo Hitzokei saioko ohiko kolaboratzaileak dira. Gehienok estualdia pasatu dugu baita institutuko zutikako aurkezpenak egitean ere. AEBetan, adibidez, bestelakoa da kontua. Badirudi hazi eta hezi dituztela euren protagonismo momentua helduko den unearen zain. Kamera bat ikusi orduko, oholtza txiki bat aurkitu orduko, hitzaldi borobil bat emateko gai dira. Neurrian umoretsu, neurrian dramatiko agertuz, erritmoak menperatuz, eslogan handiak esperientzia pertsonalekin uztartuta. Gionizatutako hitzartzeak dirudite.

Guk, aldiz, ihes egiten dugu kalean kamera eta mikrofono bat ikusi orduko, GKEetako txalekodunekin nola. Bai baitakigu grabatzen den guztia geratzen dela sarean, norbaitek aurkituko zain; etorkizuneko gu balizko baten lotsagarri. Denok daramagula HD kamera bat poltsikoan, ia ezer ez dela gertatzen hemen eta orain soilik. Neurritsuak eta iheskorrak, hala izaten ikasi dugu. Millennialetik gorakoak bai, behintzat. Baina bada hor belaunaldi eten bat, itxaropena pizteko modukoa.

Pixel asko erabili dira Instagramek eta TikTokek gugan sortu dituen ajeak zerrendatzeko. Baina alde onik badu, hori da: pantailan agertzeari beldurra galdua dion belaunaldi oso bat datorrela atzetik. Prest dagoena iritzia eman, dantza egin edo kontu pertsonalak haizatzeko, eta ez diona beldurrik protagonismoari. Telebistak pauso bakoitzaren ondorioak obsesiboki neurtuko ez dituen jendea behar du. Kasu: inoizko aurkezle, lehiakide edo iritzi-emaile onenak iristear daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.