urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Baga(ra), bai, baina...

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agur, jaunak. Agur, jaunak kantatzen zuen Eresoinkak, Europako hirietan barna. Jaun-andreak, agur.

Herenegun iritsi zen zinema areto komertzialetara Karmele, Asier Altuna zinemagilearen filma. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarri. Euskal Herriko historiako urte gordinak, istoriokoak: 1937tik 1947ra artekoak. 36ko gerra, erbestea, klandestinitatea, frankisten errepresioa... Halako gehiago beharko dira, zalantzarik gabe. Belaunaldi gazteei ikus-entzunezkoen bitartez transmititzeko euskaldunek bizitakoa. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula halako proiektu bati ekitea, eta aretoetan estreinatu ahal izatea.

Irailaren 22an, Donostiako Viktoria Eugenian egin zuten filmaren estreinaldi ofiziala —Zinemaldiko Sail Ofizialaren emanaldi berezietako bat izan zen—. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere han izan zen. Viktoria Eugenia antzokira iristen ari zela... ahots bat entzun zen gertu, zera esaten: «Filmeko protagonistek burua altxatu eta hauek zertan dabiltzan ikusiko balute...». Estreinaldian izan zen Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua ere, EAJko beste ordezkari batzuekin batera. 36ko gerra osteko erbestealdian, EAJko euskaldun batzuek bizitakoa kontatzen du Altunak pelikulan. Hortaz, guztiz logikoa zen erakundeetako ordezkariak estreinaldian izatea.

Imanol Pradales eta Ibone Bengoetxea 'Karmele' filmaren aurkezpenean
Imanol Pradales eta Ibone Bengoetxea 'Karmele' filmaren estreinaldian, irailaren 22an, Donostian. JUAN HERRERO / EFE

Zinemaren industriak behar-beharrezkoak ditu erakunde publikoen sosak. Eta oso ona da, noski, erakundeetako ordezkariak egiten diren euskarazko pelikulak ikustera joatea. Gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzak 2025eko ekitaldian 8,8 milioi euro banatuko dituela film luzeak, film laburrak eta telesailak ekoizteko. Duela bizpahiru urte baino sos gehiago dira, eta horrekin egin daiteke zerbait. Eta herri txikia izanda ere, Euskal Herriak behar du zinema eskaintza indartsu bat. Herri bezala, funtsezkoa da. Maspalomas filmak jarraitzen du aretoetan, eta hori ikusi ostean, bada aukera Karmele ikusteko, halako euskal ekoizpen handi eta interesgarri batekin gozatzeko.

Baietz, bagarela

Bada, hori guztia aipatu ostean, aitortu behar da Karmele-k badituela bertuteak. Eta baduela gabeziaren bat edo beste. Ekoizpenaren ikuspegitik, zainduak daude oso eszenatokiak, argazkia, jantziak... Poza ematen du euskarazko zinema maila horretara iristeko moduan dela ikusteak. Aktoreen interpretazioak ere oso txukunak dira; Jone Laspiurren lana nabarmentzen da, akaso, gehien. Sasoi oso onean da, Negu hurbilak eta Faisaien irla filmetan erakutsi duen moduan, eta bikain hezurmamitzen du oraingoan Karmele Urrestiren rola.

Galdetzen dio Urrestik Txomin Letamendi bikotekideari: «Baga edo ez ga?». Filmeko lelo bezala ere funtzionatzen du. Eta, bai, bagara, nahiz eta Karmele filmean faltan sumatzen den, beharbada, gatazka narratibo handiagoren bat. Zerbait gehiago, ikus-entzulea gehiago erabat harrapatu eta hunkitzeko. Badu, gainera, filmak egitura kronologiko klasikoegia, gaur egungo garaietarako apur bat anakronikoa dirudiena. 

Jone Laspiur Karmele Urrestiren rolean, KARMELE filmean
Jone Laspiur Karmele Urrestiren rolean, 'Karmele' filmean. TXINTXUA FILMS

Istorioaren kontakizunean, bestalde, Eresoinka taldearen pasarteetan falta da, akaso, pedagogia apur bat gehiago. Egia da lehendik badela dokumental eder bat, 2016an Esti Urresolak zuzendua: Voces de papel (Primeran plataforman ikusgai da). Baina ez zen sobera izango Eresoinkaren sorreraren eta bilakaeraren inguruko informazio apur bat gehiago helaraztea ikus-entzuleei.

Eta elipsiak fikzioan zilegi dira, noski. Beharrezkoak. Horretan ez da dudarik. Ordea, ez litzateke txarra izango Txomin Letamendiren pertsonaia atxilotua izan aurretik zertan zebilen ikusleari esplizituago jakinaraztea ere. Iradokitzen da, bai, eta Karmele etxean da zain. Baina Venezuelatik bueltan denetik, Letamendik bizitakoak hankamotz gelditzen dira filmean.

Eneko Sagardoi Txomin Letamendiren rolean, KARMELE filmean
Eneko Sagardoi Txomin Letamendiren rolean, 'Karmele' filmean. TXINTXUA FILMS

Azken lerroetako ñabardura horiek ez dute esan nahi, edonola ere, filma txarra denik. Ezta gutxiago ere. Film ona, ederra eta balio handikoa da Karmele. Bertuteen artean zalantza batzuk iradoki edo hain gustukoak ez diren kontuak partekatzea izan beharko luke naturala 2025ean... ala? Errespetua galdu gabe. Zeren, bai, baga, bainaren bat tarteko, baina baga eta izango ga.

'Karmele' filmaren trailerra

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.