gaizka izagirre
Ekografiak

Baina zer da hau?

2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Max Mix, Caribe Mix, Maquina Total eta abar. 80ko eta 90eko hamarkadetako Espainiako musika industrian arrakasta itzela izan zuten bilduma diskoak dira horiek. Hamarkada horietan dozenaka disko argitaratu zituzten, baina gutxik zekiten horren atzean zegoen guztia. Hiru ataleko Megamix brutal dokusailari esker, Megamix fenomenoaren atzean egon zen historia ilun eta harrigarria ezagutuko dugu; azpijokoak, estortsioak, iruzurrak, bahiketak eta hilketa saiakerak dance musikarekin tartekatzen diren bitartean, musika eszenaren barruan gertatu zen ustekabeko kronika beltzeko kontakizun honen lekuko izango zara. Azaltzen den guztia egiazkoa da, nahiz eta mafiosoen edota Coen anaien pelikula batetik irtendako egoerak diruditen. RTVE Playren dokumentala da baina 3Cat plataforma kataluniarrak ekoitzi du Producciones del Barriorekin lankidetzan. Protagonista guztiek, poliziek eta enpresaburuek izan ezik, katalanez hitz egiten dute.

Musika dokumentala, true crime-a ala biak? Bada, hori da, hain zuzen, lan honen alderdirik deigarriena; ezin hobeto uztartzen ditu bi azpigenero horiek. Musikazalea bazara asko gozatuko duzu —neurri batean jakina—, eta krimen edota istorio ilunekin gozatzen duzun horietakoa bazara, baita ere. Oso lan dinamikoa da, eta ikuserraza. Ikaragarri gozatu dut. Era honetako lanetan oso ohikoa izaten da atalak etengabe luzatzea eta garrantzitsuak ez diren kontakizunak sartzea; hemen ez, zuzenean harira doaz, eta gertaera garrantzitsuak soilik azaltzen dituzte. Zenbait unetan umorea ere erabiltzen da, eta horrek arintasunez bustitzen ditu istorioaren zenbait pasarte.

Gainera, muntaketa lan oso zehatz eta freskoa erabili dute, elkarrizketak, garaiko irudiak, zuzenekoak, bideoklip zatiak eta birsortzeak gidoiaren egituran zehar txertatzeko. Garai hartako ekintzen eta elkarrizketen birsortzeak nola egin dituzten deigarria iruditu zait; kontakizunaren benetako protagonistak —elkarrizketatu nagusiak alegia—, aktoreekin eta eraikitako agertokiekin nahastu dituzte, eta ukitu zinematografiko bitxi eta oso erakargarria ehundu dute. Ikusi, harrituko zaitu.

Idazten dudan 96. zutabea duzue honakoa, ikasturteko azkena. Gozatu udaz eta —spoilerra— irailean bueltan izango gara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.