gaizka izagirre
'Ekografiak'

Bakartia

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilean izan zen Donostiako Crossover telesailen jaialdia, eta bertan estreinatu zen Carles Portaren La caza del Solitario dokumental saio berria. «Zinema aretoa beteta ikustea aitortza polita da egindako lanari» aipatu zuen Portak berak, Urtzi Urkizuri BERRIAn emandako elkarrizketa batean. Aipatu zuenez, Gipuzkoako hiriburuan herritar askok ezagutu eta gelditu omen zuten. Bada, dokumental sorta hori Movistar Plus plataforman dago ikusgai orain.

Jaime Jimenez Arbe El Solitario banku atrakatzailearen inguruko lan bat da; Espainia osoko bankuetan armak erabiliz 30 lapurreta baino gehiago egin izana leporatzen zaio. Gainera bi guardia zibilen hilketa ere leporatu zioten. Deigarriena da gizon hori hamalau urtez bankuak lapurtzen aritu zela eta poliziek haren izena ere ez zekitela.

Krimen bikoitz hori da, hain zuzen ere, saioaren abiapuntua, eta hortik tiraz kasuaren nondik norakoak azaltzen ditu. Hiru ataletan, Portaren ohiko zorroztasunari eta egiazkotasunari jarraituz, Crims eta Luz en la oscuridad formatuetako esentzia arnasten da hemen ere.

Oraingoan ere, gertatutako guztia ikuspegi zinematografiko indartsuz busti du, eta froga, artxibo irudi eta testigantza garrantzitsuenekin aletu du guztia. Egiazko kasua eta irudiak ageri diren arren, narratiboki eta bisualki, thriller kutsua duen lana da. Kazetaritza lana du abiapuntu, baina zinemara gerturatzen da, fikzioaren narraziora.

Ez da haren lanik biribilena eta ez du generoa berrasmatzen, inondik inora ere, baina sortzaileak, beste behin, maila oso altuko ekoizpena ekarri du.

Bide batez, Carles Portaren lana ezagutzen ez baduzue, biziki gomendatzen dizuet lehen zeharka aipatu dudan Crims. Saio horrek, aurretik, hiru denboraldi izan zituen Catalunya Radion, eta, ondoren, telebistara egin zuen jauzi; egun, lau denboraldi ditu. Katalunian gertatutako benetako krimenak azaltzen dituen dokumental sorta horren jarraitzaile sutsua naiz, eta Portak egiten duena maila gorenekoa iruditzen zait. Atal guztietan presente daude haren narrazio estiloa, eta ikusleak hasieratik murgiltzen ditu istorio bakoitzaren labirinto ilun horien erraietan. Kasuak aztoragarriak, beldurgarriak, sinestezinak, latzak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.