Langabeziak edota lan prekarizazioak eraginda, hainbat gazteren artean nahiko ohikoa da au pair izatearen esperientzia. Atzerriko familia batekin bizi, eta haien seme-alabei zaintza eta laguntza eskaintzearen truke ostatua, janaria eta soldata txiki bat jasotzen dute normalean.
Danimarkako Reservatet telesailaren bihotzean gai horrek egiten du nagusiki taupada, baina egileek hautatu duten testuinguru mamitsuak begirada zabalago baterako leihoa irekitzen du. Kopenhageko iparraldeko auzo aberatsenetako batean girotua dago, eta Ruby, Filipinetako au pair gazte bat, desagertu egin da bat-batean. Pribilegioz betetako paisaia honetan, egoera zaurgarrian dagoen emakume baten desagerpenak sekretu ilun ugari azaleratuko ditu, eta gezurrez eraikitako egitura osoa dardarka jarriko du.
Desagerpen horren atzean zer gertatu den apurka deskubrituko dugun arren, hasieran (gizonezko) poliziek ez diote lehentasunik ematen; erorketa hori barrenetik hasiko da; izan ere, Cecilie bizilaguna —hura ere aberatsa, eta pribilegioz gainezka dagoena— izango da desagerpenarekin obsesionatuko dena, eta perfekzioaren maskara pitzatzen hasiko da. Utzikeriaren horma grisaren aurrean, Aich izeneko ikertzailearen inplikazioa nabarmena izango da —kasualitatea, emakumea eta arrazializatua—.
Thrillerraren eta suspensearen harietan ehunduta, telesailak piko egiten du gizartearen zenbait zauritan: arrazakeria, matxismoa, langile migratzaileen errealitatea, lan esplotazioa, nerabeen sextinga eta klasismoaren egitura ikusezinak.
Komedietan edo telesail arinetan ohikoa izaten da istorioak atal laburretan egituratzea, baina thriller dramatikoetan ez hainbeste; Reservatet-ek 34-38 minutu inguruko sei kapitulutan azaltzen du istorio guztia.
Klixez gainezka dago, gidoitik jaiotzen diren zenbait pasarte brotxa lodiz idatziak daude, baina oro har aztarna nahiko sakona uzten du.
Algoritmoen garaiotan plataformetan nagusi diren nortasunik gabeko thrillerretatik harago doan proposamen bat da. Narratiba inguratzailea eta antzezpen lan nabarmenak ditu, eta oso erraz ikusten da.
Entretenimendua eta kritika soziala uztartzen dituen edukia nahi dutenentzat ezinbesteko proposamena da. Laburra eta oso entretenigarria da, eta gainera euskaraz azpidatzia estreinatu dute.