Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Batekin eta bestearekin

2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ondo. ETBk bertan behera utzi du Cuadrilla busca cita. Tira, «saioa mantentzearen aldeko jarrerari ez eustea» erabaki du, ohar baten arabera. Total, ez dutela gehiago emango. Muchas gracias, moltes gràcies, moitas grazas, eskerrik asko, ETBko jaun-andreok. Erabaki zuzena hartu duzue. Eta zorionak eduki horiek telebistaz ematearen aurka agertu zareten gizabanako, talde, erakundeei. Erakutsi duzue denok batera bultza eginik gauzak lortzen ahal direla, «gizarte demokratiko aurreratu baten berezko balioak» defendatzearen alde. Baina ez gaitezen hemen geratu. Kontu ugari daude oraindik egiteko.

Ezen Cuadrilla busca cita eman eta biharamunean, ETB1en Ezkutukam eman zuten. Eta orain arte inork ez du saio horren kontrako ahotsik altxatu. EITBri «modurik egokienean iritzi publikoarekin bat etortzea» badagokio, baina iritzi publikoak ez badu ezer esaten «azkarra da mutil hau, neska politei bakarrik eskatzen die laguntza», «ze neska polita, primeran pasatzen ari da gainera» eta antzerakoak esaten dituen telebista saio baten gainean, bada, logikoa ere bada EITBk pentsatzea saio hori egokia dela. Eta, nire uste makalean, Cuadrilla busca cita zein Ezkutukam, berdin dira eskandalagarriak.

Baina ez da bakarrik «sexu/ genero sistemak ezarritako portaeretan aldaketak egitea». Ez da bakarrik «tradizionalki patriarkatuak bere tresnatzat erabili duen programa-eredu bat diskurtso alternatiboak plazaratzeko» baliatzea. Ez eta bakarrik «gizarte berdinago bat lortzeko» helburua izatea ere. Orokorragoa da ETB azkenaldian erakusten ari den deriba. Ikusi beharko dira udako programazio gisa bataiatu duten programa sorta horretako gainontzeko perlak. Baina ia oharkabean pasa den beste zera bat ekarri nahi dut gaur hona. Udazkenean ez da Airean magazina itzuliko. Eta umorezko saio batekin beteko dute arratsaldea. Eskaintza prestatzeaz Kontrako eztarria saioko lantaldea arduratuko omen da; Anjel Alkainek gidatuta, bi orduko saio bat. Eta hor jada hasierako asmo baten korrosioa nabari da. Gogoratzen duzue irail partean ETBk, batez ere ETB1ek ikusleongan sortu zuen ilusioa? Ze, batekin eta bestearekin, ez dut uste iritsiko denik ikasturte amaierara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.