Azkenaldian buruan bueltaka izan dudan soinu bandaren filmaz hitz egiteko gogoz nator gaur. Eta protagonistak? Kneecap.
Irlandako hip-hop hirukote hori Belfast mendebaldekoa da, eta hiru lagun hauek osatzen dute: Liam Og O hAnnaidh (Mo Chara), Naoise O Caireallain (Moglai Bap) eta J.J. O Dochartaigh (DJ Próvh). 2017an sortu zuten taldea, eta lehen singlearekin —C.E.A.R.T.A. («eskubideak», gaelikoz)— egin ziren ezagun, rap erritmo biziak eta gaelikozko hitz aldarrikatzaileak uztartuz. Hasieratik argi geratu zen haiena ez zela soilik musika proiektu bat, baizik eta hizkuntza, identitatea eta jarrera politikoa uztartzen zituen mugimendu kultural bat.
Urtebete geroago, 2018an, 3CAG izeneko debut-albuma kaleratu zuten; bigarrena, Fine Art, 2024an iritsi zen. Urte berean, euren bizitzan eta ibilbide artistikoan oinarritutako film bat ere estreinatu zuten: Kneecap, Rich Peppiattek zuzendua eta gaur egun Filmin plataforman ikusgai dagoena.
Filmak gogorarazten digu gaur egun Irlandan 80.000 irlandera hiztun daudela, eta horietatik 6.000 Ipar Irlandan bizi direla. Horietako hiru dira gure protagonistak, eta haien istorioa bazterrak nahasten hasten den une horretan kokatzen da. Ke hodeien, kaleko poesiaren eta britainiarren aurkako txiste beltzen artean, Mo Chara eta Moglai Bap gazteek topo egingo dute JJ O Dochartaigh irakaslearekin: musikazale frustratua da, eta bizitzan norabide berri baten bila dabil. Topaketa horrek sortuko du Kneecap hirukotea, eta handik aurrera, hizkuntza eta identitatea defendatzeko espiral ero batean murgilduko dira, betiere rap erritmora eta kaos dosi eder batekin.
Kontzertu kaotikoak, tentsio politikoak, droga eta alkohol pasarteak, eta batez ere umore gupidagabea nahasten dira Kneecap taldearen istorioan. Haien helburu nagusia: gaelikoa ozen eta harro entzunaraztea, inoiz baino urrunago eramanez eta munduari erakutsiz hizkuntza bat ez dela museoko pieza bat bakarrik, baizik eta kalean, oholtzan eta bizitzan bizirik dagoen zerbait dela. Eta aitortu behar dizuet: ezingo dituzue haien abestiak burutik kendu.