gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Bederatzigarrena

2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Telesail baten bederatzigarren denboraldia estreinatu berri dela esaten badut, nahiko albiste ezohikoa dela ez didazue ukatuko ezta? Lost, Friends,The Big Bang Theory edota Grey's Anatomy-ren garaietan oso ohikoa zen zortzi denboralditik gorako telesailak ekoiztea baina gaur egun gutxiengoa dira. Bada, aspalditik gomendatzeko gogoz nagoen Inside No. 9 serie antologiko britaniarraren bederatzigarren denboraldia —eta dirudienez azkena— iritsi da. Uste dut oso jende gutxik ikusi duela ekoizpena, eta urteen poderioz kultuzkoa bihurtuko dela susmatzen dut. Pantaila txikiko gaindosiaren barruan, sorkuntza-askatasunaren oasi moduko bat iruditzen zait.

Denboraldi asko direla aipatu dut, baina lasai, ez larritu; Black Mirror-en antzera, atalak solte ikus daitezke, istorioak erabat independenteak dira, hasi eta amaitzen diren film laburrak izango balira bezala. Baditutze, ordea, partekatzen dituzten zenbait ezaugarri nahiko bitxi: 30 minutu inguruko atalak dira, gehienetan Reece Shearsmith eta Steve Pemberton aktoreak —eta telesailaren sortzaileak— azaltzen dira pertsonaia desberdinak gorpuzten, istorioak 9. zenbakia duen espazio batean girotzen dira —zenbaki hori duen hotel bateko logela, etxe bat…— eta drama, umore beltza, misterioa, thrillerra eta beldurra oinarri dituzten gidoiak lantzen dituzte. Alde horretatik, atal bakoitzean gertatzen diren tonu-aldaketa bortitzengatik nabarmentzen dira kontakizun gehienak. Haien aurreko lanak ezagutzen badituzue —Psychoville bereziki— badakizue zertaz ari naizen. Alfred Hitchcock Presents edota The Twilight Zone-ren zertzeladak dituen serie honen atal batzuk biribilak dira, beste batzuk absurdoak eta oso entretenigarriak, gutxi batzuk ahulagoak, eta zenbaitzuk ez dira agian ikusle guztientzat aproposak, baina mikromundu horietako bakoitzean bi protagonistek eszena menderatzeko duten gaitasuna paregabea iruditzen zait. Shearsmith eta Pembertonen antzezpen lana harrigarria da; antzerki kutsua duen eszenaratzeaz baliatuz, kameleoien pareko gaitasuna dutela frogatzen dute, pertsonaia xelebreak eta askotarikoak sortzeko. Krimen (in)perfektuak, konspirazioak, lapurretak, familiako sekretuak... eta batez ere ezusteko ugari ikusiko dituzue. Harribitxi honek harrituko zaitu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.