Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Behetik baino ezin da hasi

2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ez da egunerokoan darabiltzagun hitz horietako bat; eta azken kapitulua ikusten amaitu arte, ez dut hiztegian begiratu. Amuan arrainak harrapatzeko jartzen den jakia edo horren itxura duen substantzia omen da beita, arrainak amura erakarri eta horri hel diezaion erabiltzen dena. Eta Beita da uda hasieran Oñatiko Xup! antzerki taldeak Youtuben estreinatu zuen websailaren izena. Estreinalditik hilabete batzuk pasatu diren arren, lan horri eskaini nahi dizkiot atal honetan idatziko ditudan lehen lerroak.

Kulturaren bueltan gabiltzanok denbora daramagu esanez euskarazko ikus-entzunezko fikzioan hutsune handia dagoela eta, dagoen horretan, kutsu instituzional ofizialista nabarmenegia dela —instituzio bakar batek finantzatu baitu, azken finean, ikus-entzunezko fikzio nazional guztia orain arte—. Denok dakigu eduki interesgarrienak, hemen eta mundu osoan, undergroundetik etorri izan direla beti; dirua falta eta imajinazioari zukua atera behar zaion inframundu horretatik, alegia: behetik. Noski, izan ditugu adibideak aurretik: Maddi Castroren Pikuak edota Hiru Damatxoren Txoministak eta Kartzela kasu. Beita-rekin, beste adibide bat iritsi zaigu orain.

Istorioan bortxaketa bat dago erdigunean. Nahiz eta aurrekontu falta nabaria den, gauza interesgarri eta momentu gogoangarriak atera daitezke: bakarrizketak zorrotzak eta sakonak dira; emakumeen aurkako indarkeriaren gai arantzatsuari kontu handiz eta modu egokian eutsi diote; eta pertsonaien profilak, batzuetan klixeetan erori daitezkeen arren, askotarikoak eta identifikagarriak dira. Nire uste apalean, ordea, websail horretatik aipagarriena eta miresgarriena zera da: egileen gaztetasuna —ia denek 25 urte baino gutxiago dituzte—, burujabetza —finantzaketa kolektiboko kanpaina egin eta Gaztea bezalako babesleak bilatu zituzten arren, egitasmoa euren borondatetik jaio eta garatu da ia osotasunean— eta autoretzaren kolektibotasuna —kapitulu guztietan, «Zuzendaritza: Xup!» idatzita ikusteak taldearekiko engaiamendua zein den argi uzten du—.

Zer esan, azkenik, websaila soinuz atontzeko erabili duten etxeko musika hautaketari buruz... Gora Xup! eta gora Beita! Izan dadila gazteek euskarazko ikus-entzunezko eduki gehiago sortzeko amua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.