gaizka izagirre
'Ekografiak'

Beldurra telebistan

2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kalabazak hustu, kandelak piztu... gaur ospatuko da Gau Beltza: aitzakia ezin hobea beldurrezko telesailen munduaren ateak zabaltzeko. Genero guztien artean, hauxe izan liteke ziurrenik gehien mespretxatzen dena. Egia da urtero estreinatzen diren telesailen artean portzentaje oso handi bat izenburu kaskarrei dagokiela, baina beste generoak banan-banan aztertuz gero ez al da antzekoa gertatzen? Akziozko zenbait telesail aipagarri estreinatzen dira urtean? Eta zenbat komedia erromantiko?

Beldurra, zineman oro har, baina kasu honetan telebistan, urteen poderioz eta batez ere garaiaren testuinguruaren arabera, etengabe eraldatuz joan den kontzeptua izan da. 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean, The Twilight Zone (1959-1964), Alfred Hitchcock Presents (1955-1965) eta halako telesailek beldurrezko film klasikoen eragina islatzen zuten, eta oinarrizko izuei buruz mintzatzen ziren: mamuak, munstroak eta hiltzaileak. Orduko telebistak tentsioari eta suspenseari ematen zien lehentasuna odolari baino gehiago, zentsura zorrotza eta mugak teknikoak tarteko.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan naturaz gaindiko beldurraren, fantasiaren, slasher-en eta antologien garaia iritsi zen. Kolchak: The Night Stalker (1974-1975) eta Tales from the Darkside (1983-1988) telesailek erakutsi zuten beldur grafikoarekiko eta naturaz gaindiko gaiak esploratzeko interesa pizten hasi zela.

1990eko hamarkadan, nerabeen beldurra heldu zen. Beldurraren eta nerabeen dramaren arteko nahasketa argi ikusten da Buffy the Vampire Slayer (1997-2003) telesailean, besteak beste. Garai berean, The X-Files ere jaio zen. Funtsean, zientzia fikziozko eta misteriozko istorioa da, ez beldurrezko telesaila, baina atal batzuekin nerabezaroan sentitu nuen beldurra oso ekoizpen gutxik sorrarazi didate.

Azken urteotan, generoaren barruan izen bat nabarmendu beharko banu, Mike Flanagan estatubatuarra nabarmenduko nuke. The Fall of the House of Usher gomendagarria bada ere, egilearen obrarik biribilena The Haunting of Hill House da. Argumentu nahiko klasikoa erabiliz, puzzle narratibo aparta, emozionala eta teknikoki bikaina osatu zuen. Beldurrezko istorio bat du oinarri, baina drama familiarra da euskarri nagusia, eta horrek ematen dizkio sakontasuna eta indarra. Itzela da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.