Bihoa beste ezer baino lehen, beharrik balego, azalpena: ez naiz idazlea —dezente idazten dudan arren, seguru batzuen arabera gehiegi—. Zutabe hau ez da kokatu behar, hartara, idazleen eta bertsolarien arteko ezinikusi atabikoaren baitan. Gainera, ez dut jada zertan lotsatu, aitortuko dizuet: ni ere joan nintzen bertso eskola batera —hilabetez edo—; nik ere bertsolariak jarraitzen ditut Twitterren; ni ere saiatu izan naiz inoiz bertso baten bukaera ahoz gora asmatzen. Mendeku arrastorik igartzen badiozue, beraz, zutabe honi, zuen irudimenaren ondorioa da. Soilki eta esklusiboki.
Aurten, jakingo duzue honezkero, bertso txapelketa urtea da —ez jakiteko moduan—. Eta orain lau urte bezala, Argia-ko lagunek saio bat eskaini diote: Damutuko zaizute. Tira, hitz joko erraza eginez, esan genezake, baietz, damutu zaigula. Baina ez da hori kontua. Abiapuntua ez du batere txarra: txapelketa jarraituko duen saio autoparodiko bat egitea, txapelketatik kanporatuak izan diren bertsolari «frustratuekin» —adjektiboa ez da nirea, kasurako—. Eta tarte batzuk benetan izan daitezke txukunak: Bertsoz aberastu nahi izenekoa, telebistako lehiaketa horien parodia izan nahi duena; edota, besteren gainetik, Inuzenteentzako metaforak, txapelketan bertsolariek kantatzen dituzten zera estrainioen interpretazio umoretsua izan nahi duena; ondo eginda, hots, pixka bat zaurirago, pixka bat gaiztoago joanda, tarte benetan interesantea litzatekeena. Baina, ai, ez ote diren gelditzen erdibidean, maiz gainera soilik gremioko jendearentzat diruditen txisteekin. Eta gero Sautrela-ren parodia, bada, nire uste makalean, ez dabil —eta nekez da ibiliko: nola gainditu Wazemank-eko Pantxikaneko menuba?—. Alde horretatik, saia litezke Hitzetik hortzera-rekin.
Baina gauzak juzkatu behar dira bakoitzaren ahalen arabera. Ezin zaio gauza bera exijitu telebista publiko baten babesarekin egiten den saio bati edo baliabide gabe, esperientziaz urri, musutruk denari. Eta Damutuko zaizute-koak ez dira profesionalak. Eta gainera dira bertsolariak. Esan nahi dut, nik ere —eskuzabal jokatuta—, zutabegile, ez nukeela asmatuko programa bat egiten. Beranduegi gogoratu haren segida ez da, beraz, Damutuko zaizute hau, nahiz kronologikoki ondotik etorri. Baina ispilu bezala funtzionatuko lioke, berandu baino lehen.

Komunikazioa. Ekografiak
Berandu baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu