Enrico Berlinguer politikariaren heriotzaren 40. urteurrena izan zen iaz, eta horren aitzakiaz Berlinguer. La grande ambizione estreinatu dute Filmin plataforman. Andrea Segre zinemagile italiarrak zuzendua, Italiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi ezagunaren bizitza kontatzen du. Tira, bizitza baino, bere karrera politikoko urte erabakigarrienetan zentratzen da: 1973 eta 1978 bitartean. 1978an Italiako Alderdi Komunista boterera eramateko zorian egon zen unea azaltzen du istorioak, Kristau Demokraziarekin egindako aliantza baten bidez.
Elio Germanok hezurmamitzen du Berlinguer eta lan bikaina egiten du; imitazio fisiko hutsetik harago doan emanaldia eskaintzen du, karikaturak guztiz saihestuz. Sotiltasunez harrapatzen du bere hitz egiteko modua eta jarrera.
Alderdi tekniko eta bisualean sakontzen hasita, lanaren alderdi nabarmenetako bat fikziozko eszenen eta artxiboko materialaren arteko konbinazioa da, bereziki manifestazioak eta ekitaldi publikoak irudikatzeko erabiltzen dena.
Alternantzia horrek ikuspegi formaletik kontakizuna aberasten badu ere, nolabaiteko disonantzia ere sortzen du: benetako irudiek, beren karga historikoagatik, berreraikuntzak eklipsatzeko joera dute. Dena zatikatuegi dago eta, batzuetan, erakargarriagoa da benetako irudiak ikustea fikziozkoak baino. Interesgarriena da, halaber, nola kontakizunak garaiko ilusioak zein oztopoak erakusten dituen. Narrazioak zorroztasun ia dokumentala du oinarri, baina pertsonaien presentzia eta garrantzia alboratu gabe.
Filmak, zenbait unetan, pasarte eta ekintza guztiak gehiegi azaltzeko eta azpimarratzeko joera du, guztiari tonu didaktikoegia emanez: ikusleak gertaerak bere kabuz interpretatzeko duen gaitasunaz erabat fidatuko ez balitz bezala.
Zorionez, baditu nabarmentzeko bi alderdi indartsu: Iosonouncane-en soinu-bandak eta Benoit Dervauxen argazkiak testura aberatsa eta inguratzailea eransten dute, narrazioa nabarmen indartzen duena.
Alde on eta txarrak ditu, baina biopic tradizional bat izatetik urrun —alderdi positibo gisa nabarmentzen dudana—, Berlinguer. La grande ambizione artxibo historikoa eta fikzioa uztartzen dituen collage zaindu eta oso interesgarri bat da.
Narrazioaren ahulezia batzuk erakusten baditu ere, oso lan gomendagarria da.