Badira betikoak eta betirakoak iruditzen zaizkigun ahots batzuk. Txikitatik gure parte izan direla sentitzen dugu. Gauden lekuan gaudela, aditu ahala ezagutzen ditugu. Batzuek arrastoa uzten digute. Nik, beste askok bezala, horietako batekin gosaldu eta egin dut ikastolarako bidea nire gaztaroan, egunero-egunero. Orain irratia piztu, eta faltan sentitzen dut. Kalean ikusten dut tartean behin —ahotsaren jabea, ez ahotsa—, eta gerturatu eta nire goizetara itzul dadin eskatzeko gogoa izaten dut.
Ez dakit ziur zergatik, baina nigan halako arrasto esanguratsurik utzi ez arren, barru-barruan sartua dut Felix Linares, besteak beste, telebistako aurkezlearen ahotsa ere. Arrazoi bat baino gehiago izan daiteke horretarako. Haren ahots sarkor eta ederra, atzerantz begiratu eta oroimena dudanetik saio bera aurkezten ikusi izana, formatu horrek gure barruan sartu eta bere helburua lortzeko darabiltzan estrategien arrakasta... Garai batean, gustura ikusten nuen. Kasu askotan, La noche de... bakarrik, ondoren filma ikusteko batere asmorik gabe. Askotan pentsatzen nuen ederra izango zela zinemagintzari buruzko halako bat euskaraz izatea. Gaur egun, zinemagintzaren ingurukoak jorratzeko dauzkagunak baino mamitsuagoak nahi ditut. Ez, ordea, horrelakoak.
Aspaldiko partez berriro ikusi dut La noche de... Lotsatu egin naiz. Neure buruaz. Beti iruditu zait horrelakoa, oraingoan ikusi dudan moldekoa. Beti iruditu zait zinemagintza eta zinema munduko protagonistak itzalean geratzen direla, haien eskandalu eta bizitza pertsonaleko gorabeheren mesedetan. Beti terminologia eta tonu gaitzesgarria erabiltzen dutela bereziki emakumeekiko, noski, haien irudi ustez erakargarriz josten gaituzten bitartean. Beti aktoreen film zerrenda bikote edo maitale edo dena delakoen zerrenda agertzeko aitzakia baino ez dela. Beti tonu absolutistan, ahotsez zein soinuz eta efektuz. Beti pilula itxura erakargarri laburrez. Uste dut garai batean ere ohartzen nintzela horretaz, baina oraingoan jasanezina iruditu zait. Ez emanaldia desberdina izan delako. Ni aldatuko nintzen. Eta horrek eman dit lotsa. Ohartu arren, lehenago a(sa)ldatu ez izanak. Guk egiten baititugu betiko eta betirako batzuk ala besteak. Guk egiten ditugu gure ahotsok. Eta guk izan behar dugu gugandik uxatzeko gai.

EKOGRAFIAK
Betikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu