Aurreko asteburuan bidaia egin nuen semearekin. Autoan, berak aukeraturiko musikaz gainera, podcast batzuk entzuteko aukera probestu genuen. Aitortu behar dut gehienak Espainiako Estatuko bakarrizketari ospetsuek publiko aurrean egindakoak zirela, non gidoiak inprobisaziorako leku handia uzten duen. Kilometroak arindu zizkigun entzuketak, eta ez dut ukatuko barre ugari egin nuela batzuen hondamenak eta beste batzuen zentzugabeko galderak entzuten. Umore eta eduki arinak bidaide.
Errepidean, gogoratu nuen nola duela ez hainbeste irrati seinalea galtzen genuen tunel batean sartzean edo, besterik gabe, nola bersintonizatu behar genuen nahi genuen katea entzun ahal izateko, guztiz galdu arte. Euskal Herritik ateratzean, nekez jaso genezakeen euskarazko programaziorik, eta, Kataluniara heltzerakoan, adibidez, isilarazten genuen estatu osoan bikain harrapatzen zen seinalea bertakoak entzuteko. RDS sistemak aukera eman zigun lurralde zehatz batean jarritako irratia entzuteko diala bersintonizatzen ibili gabe, baina berdin-berdin galtzen genuen seinalea hedadura eremutik ateratzean. Gaur, berriz, Internet konexioari esker, ia mundu osoan bidaiatu dezakegu ohiko programazioa entzunez; estaldura galtzen ez badugu behintzat, tunel luzeetan sartzean, esaterako.
Eta, errepidean gaudela, batzuetan auto ilara batetik irten ezinik, zergatik ez entzun beste batzuek egindako bidaien kontakizuna, inbidiaz aditu ere, bidaia hori guk noiz egin ahalko genukeen zain. 2022ko udazkenean Bidaiaria aldizkaria podcast bihurtu zuen Naiz-ek, Alba Cabreraren gidaritzapean. 2024-2025eko denboraldian, berriz, Ander Arandiak, Eire Maiak eta Oiartza Pampliega eta Marko Ganuzak aurrera eraman dute saioa; azken horiek, beren esperientzia pertsonalean oinarrituta, furgonetaz egiteko bidaia interesgarriak proposatzen dizkigute, horietako batzuk urrutira joan barik edo poltsikoa hustu beharrik gabe. Esatariek beren ukitua ematen diote saioari, eta atal bakoitzak nortasun propioa du: bidaiari bati buruzko solasaldia batzuetan, erreportaje eta esperientzia baten kontakizuna besteetan; gertuko inguruak ezagutzeko parada emanez edo abenturaz beteriko leku exotikoen berri emanez, eta soinu bidaia bakoitzaren denborari egokituta.
Eta, bidaiaz ari naizela, ez ditut ahaztu nahi Euskarabentura hasi duten gazteak, Euskal Herrian zehar egingo duten bidaiaren berri izango baitugu euskal irratietan.