Ingelesa nagusi izan da Bilboko kaleetan aste honetan, Manchester eta Tottenham futbol taldeen jarraitzaile elebakarrek plazak eta bideak okupatu baitituzte. Bere aldetik, antza, pertsona batzuek sare sozialetan salatu dutenez, hooligan horiek ez dute euskara entzun edo irakurtzeko aukera izan fan zone deituriko guneetan. Ez da ezer berria Bizkaiko hiriburuko gertaera handi batean, baina horrek, gainera, kointziditu du Euskaraldiarekin, non batzuek, gorritu gabe, txapa paparrean, justifikatzen duten euskararen bazterketa hori, balizko nazioartekotze baten aitzakiaz.
Eskerrak badaudela Bilbo euskaldun baten aldeko ekintzaileak, horien artean laster Elkar fundazioaren Ibilbidearen Saria jasoko duen Zenbat Gara elkarteak bultzaturiko Bilbo Hiria irratia egiten dutenak. Ia hogeita hamar urte daramatza uhinetan oso dial erdalduna zena iraultzera etorri zen irrati euskalduna, eta gaur egitasmo kontsolidatua dela esan dezakegu, oso programazio zabala eskaintzen duena, nahiz eta oraindik emititzeko baimena ukatzen dioten.
Niretzat Bilbo Hiriak dituen balioen artean azpimarratzekoa da Bilbo Handia deiturikoan mintzo den euskara komunikabideetara eraman izana. Horrek azalpena behar duelakoan nago, bai. Nik, Deustu eta Algorta artean euskaldun oso bihurtu nintzen donostiar honek, behin baino gehiagotan entzun dut ez dudala gipuzkeraz egiten, ezta bizkaieraz ere, eta Ibaizabalgo bazterretako beste euskaldun (berri) askok bezala batzuetan pentsatu dut nire batua ez zela behar bezain ona. Irrati txiki horrek, ordea, inolako konplexurik gabe nahastu ditu mikrofonoetan bizkaiera zaindua, bilbotar doinuera eta gure hizkuntzara hurbiltzen direnek erabiltzen dituzten hizkeren aniztasunak.
Horretaz gainera, Botxoko gizarte bizitzan sustraitua dago komunikabide hori, eta ez du inolako arazorik kalera ateratzeko —Munduko Arrozetan, Aste Nagusian, esaterako— bertatik bertarako informazioa eta giroa entzuleengana helarazteko, eta, aldi berean, Euskal Herriko eta nazioarteko errealitateari so egiteko. Baliabide gutxirekin bada ere, sormenezko irrati proposamen ausartak ere eskaintzen dizkigu, atzean irrati ordu asko dituzten profesionalak baitaude. Hori dela eta, duela astebete, zalantzaz beteriko ikasle bat irrati praktikak non egin galdezka etorri zitzaidanean, ez nuen dudarik izan. Ziur nago asko ikasiko duela!