Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Bizitza diatonikoa

2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Bok-espok abestia entzun bitartean hasi naiz idazten. Soinu txikiarekin jotzen ikasi nuen txikitan, baina jada ez dut gogoratzen. Lehen aldiz entzun nuenetik hogei urte pasatu diren honetan, hala ere, oraindik nire barneko zera basati batekin konektatzen du Kepa Junkeraren melodiak. Hain da zuzena bere pultsuak iradokitzen duena, hain da magikoa melodia, hain dira tribalak emakume horien ahotsak «elele» kantatzen.

Abesti hori eta beste batzuk gogoratzeko tartea hartu dut, hain zuzen, Primeran plataformak Kepa Junkerari eskainitako dokumentala jarri duela jakin eta arrapaladan ikusi ditudalako atal guztiak. Lau ataletan banatutako dokumental horrek ederki harilkatzen du soinu jolearen ibilbidea eta eragina, berea ez den ahots andanaren polifonia baten bitartez. Lehen atalean Junkeraren sustraietan jartzen dute azpimarra; bere amak semea trikitiaren munduan nola sartu zen kontatzen digu —aipatzekoa eta xarmagarria egin zait bere eskuen inguruan hitz egiten duen une hori, ama baten harrotasun umil horrekin—, baita egun ezagunak diren hainbat trikitilariren testigantza bildu ere, artistarekiko begirunea argi erakusten dutenak: Ines Osinaga, Joseba Tapia eta Josune Arakistain. Bigarren atalak bere ibilbidea gertuagotik ezagutu duten beste artista batzuen iritziak jasotzen ditu; hala nola, Ara Malikian biolin jole armeniarrarenak edota egun Neomak taldea osatzen duten eta antzina Kepa Junkerarekin batera zihoazen sorginenak ere.

Hirugarren atalak, Etxea, Kalea eta Herria trilogia aitzakia, mundu mailako beste artista batzuekin izan duen harremanean jartzen du fokua. Hortik igarotzen dira Pedro Guerra, Mariza, Estrella Morente edota Miguel Bose bezalako izen handiak. Amaierara arte uzten du dokumentalak Junkeraren iktusaren eta errekuperazio zailaren gaia, bere seme-alabak pantailara ekarriz.

Hizlari guztiek azpimarratzen duten datu batekin amaitu nahiko nuke: kulturgile abangoardista eta soinujole bikaina izatetik at, lider naturala ere bazela. Taldean sortzeak duen garrantziaz jabetuta, kultura ezberdinetako musikariengandik bere proiekturako onena zena ateratzeko magia hori zuela. Iktusak ez digu lehengo Kepa Junkera berriro ekarriko, baina utzi duen ondareak bost bizitzatarako eman dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.