gorka julio
IRLEN SAREA

Blogetan

2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Blogen sorrerak ordura arte izan ez genuen eduki asko sortzeko aukera eman zuen. Garaiak aldatu dira, baina pareten artean giltzapetutako ekarpenez eta iraupen gutxiko edukiez gain, bada sakonean blogen garaia berritzeko gogo bat. Hori da Azkue Fundazioak eta Argia-k sustatutako Blogetan ekimenean sumatu ahal izan nuena.

Beti aipatu izan dut blog bat sortzea ahalduntzerako tresna bat dela. Bakoitzak besteen aurrean zerbait esaterako, asko irakurri, pentsamenduak antolatu, forma eman behar dio ideia bati. Ondoren, iritziak jaso edo ondorioak jasan behar ditu. Prozesu horretan ekarpen bat egiten diogu, lehenik gure buruari, baina baita jendarteari ere.

Kalitatea, bakoitzak neurtuko du bere terminoetan, baina lehen ez zegoen zerbait sortzen dugu. Sortu izanagatik, ez da ona. Txarra ere izan daiteke, baina kaltegarria gutxitan izaten da, eta, ondorioz, merezi du jendea horretara animatzea.

Beren blogekin jarraitu duten askok, era batera edo bestera, sarean pertsona aktiboak dira gaur ere. Tresna baten inguruan, aktibazio sozial bat eman zen, orain tresna ondo menderatzeko dugunean, beste olatu bat bultzatzeak zentzuduna dirudi, beraz.

Umapek ondo erakusten digu gure agenda hedabideek sortutako informazio edukiak direla; albisteak gehien. Elkarrizketa banatu bat baino, elkarrizketak eta agenda zentralizatuz doazela dirudi. Eduki informatiboei dagokionez, behintzat.

Aldiz, letra larriz idazten den Agenda horretatik kanpo, aniztasun izugarria dago gaietan eta edukietan. Agenda bakar bat, gai sorta mugatu bat, eskaintzen saiatze horrek XX. mendeko joera dirudi. Blogen ekarpena hortxe kokatu behar da, aniztasuna sortzeko gai dira, Agendak eztabaidan jarri eta garrantzitsuena agenda berriak sortzeko gai izan daitezke, mezuak biral bihurtzen badira.

Blogek potentzial handia dute oraindik, sortzen ari diren narratibatako batzuk barneratzeko gaitasuna erakutsi dute eta sare sozialen elkarrekintzarekin uztargarriak dira. Erraz hasi, laguntza egokiak izan eta garatzeko aukerak eskaintzen dituzten ekimen eta testuinguru berriak behar ditugu orain, blog olatu berri bat ikusi nahi badugu. Oraingoan, hori bai, blog pertsonalen ondoan, blog kolektiboek ere protagonismo gehiago izan dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.