Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Botilak

2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaurko gazteak plastikozko botila batekin jolasten dira: likidoarekin erdi betea egon behar du edukiontziak, ondoren, airera jaurti eta zutik lurra hartu behar du botilak. Nekez irudika nezake txotxolada handiagorik, baina, nor naiz ni identitate kolektiboa sortzen duten dispositiboak epaitzeko?

Youtuber batek hasitako joera da. Tira, joera izan baino gehiago, ematen du pertsona talde baten parte izateko erritual hierarkiko bat. Izan ere, keinu batek definitu dezake pertsona bat txatxi-a den edo ez. Youtuberrei zerbait onartu behar zaie: gazteak berriz ere kalean jolastera bultzatu dituzte.

Oso mamitsua da Jon Tornerrek Argia astekarian youtuberren inguruan idatzi duenerreportajea. Horretan azaltzen du, bikain lotutako hamaika ideien artean, nola eragin duten youtuberrek gazteen ikus-entzunezko kontsumo joeran. Telebistak, youtuberren fenomenoaren jakitun, integratu nahi izan ditu, formatu tradizionalen parte izan daitezen. Harrigarria ematen badu ere, telebistak egindako ahaleginak ez du errotzea lortu, are gehiago, youtuber formatuak ez du telebistan funtzionatzen, Zergatik? Telebista formato tradizionalak talka egiten duelako youtuberren —ustezko— askatasunarekin. Hala ere, telebista youtuberrekin elikatzen hasi da: Comedy Central kateak Yutubers izeneko saioa martxan jarri zuen 2015ean eta, Euskal Herrian, Gu ta gutarrak saioak euren burua kamera aurrean grabatzea atsegin dutenen ekintza arrakastatsua bultzatu du. June Fernandezekin bat nator praktika horren arriskuaz ari denean, youtuberrak errelatoa sortzeko gaitasuna baitute. Horren aurrean gazteek kritikarako gaitasuna garatu behar dute, eta ez diegu apenas tresna didaktikorik ematen.

Haatik, gazteek aldatu dute ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohitura. Edo, ikus-entzunezkoek bizkarra ematen diete gazteei, eta eurek bide berriak arakatu dituzte? Izan ere, gazte eta nerabeei zuzendutako telebista formatuen eskasia bizi genuela hasi ziren nazioartetik etorritako youtuberrak indarra hartzen. Egunotan telebista piztea besterik ez dago: haurrak eta gazteak telebista aurrean paratzeko denbora gehiago daukatelako kate askok euren programazioa aldatu dute. Baina, euren interesekoa izan daitekeen zein programa berri ikusteko aukera ematen diete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.