Ez da batere ohikoa plataforma handi batean mota honetako eduki bat ikusteko aukera izatea: Infiltrada en el búnker dokumental lazgarria da, laborategietan animaliek jasaten dituzten tratu txarrak salatzen dituena.
Carlota Saorsaren (gezurrezko izena) istorioa kontatzen du; animaliekin esperimentuak egiten diren Espainiako laborategi farmazeutiko batean (Vivotecnia) bi urtez bizi izandako errealitate gordina munduari erakusteagatik dena sakrifikatu zuen emakumearena.
Haren ikerketa kamera ezkutuz grabatutako ehunka ordutan oinarritzen da, eta horien bidez laborategian egiten ziren praktikak agerian uzten dira. Tximinoak, untxiak, arratoiak eta beagle arrazako txakurrak dira irudietan sufritzen ikusiko ditugun animalia babesgabeak.
Thriller kutsua duen lan honek laborategi batean inoiz egin den infiltraziorik luzeena jartzen du agerian (hemezortzi hilabete), eta eztabaida sozial saihetsezin bat mahai gainean jartzen du: esperimentazio zientifikoan animaliak ez erabiltzea.
Dokumentalaren bizkarrezurra infiltrazioaren benetako irudiak dira, baina narrazio guztia harilkatzen duena elkarrizketa nagusi bat da: Pablo de la Chica zuzendariak Carlota Saorsarekin izandakoa. Protagonista lekuko babestua denez eta segurtasun arrazoiengatik (mehatxupean dagoelako), elkarrizketa hori birsortuta ikusiko dugu: Goize Blanco aktore bilbotarrak jokatzen du protagonistaren rola, eta berak gidatuko du istorioa; bera izango da Saorsaren ahotsa. Testigantza horien artean, pasarte fikzionatu batzuk ere ikusiko ditugu, narrazioari tentsio geruza bat gehitzen diotenak.
Infiltrazioan murgildu aurretik, animalien eskubideen alde borrokatzeko nahia noiz piztu zitzaion aipatzen du, nola lortu zuen Vivotecnian lanean hastea, zein ziren bere erreferenteak (Rosa Parks, Angela Davis, Emma Goldman, Jane Goodall...) eta beste hainbat xehetasun ere bai.
Egitura horren bidez, ikuslea Saorsaren bidaia arriskutsu eta gogorrean murgilduko da, eta bere begien bitartez —betaurrekoen bitartez, zehazkiago esanda, ezkutuko kamera bertan baitzeraman— 544 egunetan bizi izandakoa jasoko du.
«Borroka hau ez da amaituko azken kaiola hutsik egon arte», dio protagonistak dokumentalaren pasarte batean; horregatik da garrantzitsua halako lanak egitea eta haien berri ematea.