Itsuki maitemindu ninduen Dates telesailak, eta errespetu gozoarekin maitatu dut Cites. TV3ek astelehen gauean estreinatu zuen Channel 4 britainiarraren ekoizpen originalean oinarritutako moldaketa katalana. Jatorrizkoaren aldean, ezusteko handirik gabe, baina, duinki defendatutako telesaila ikusi genuen estreinakoan. Gure telebista publikoan orain arte nekez irudikatu dudana, baina gustura jarraituko nituzkeen fikzioen tankerakoa. Alegia, diskurtso narratibo zaindua duena; alor tekniko zein literarioan. Patxadatsua, ez zertan berritzailea baina bai ezustekoetarako tartea uzten duena, muturreko egoera sinestezinetan ere elkarrizketa sinesgarriek harilkatutako trama estalgabetzen duena, eta euskaraz.
Cites haragi gosetik jaiotzen diren estreinako elkarketa pertsonaletan oinarritzen da. Zenbaitetan helburu amorosoarekin eta beste batzuetan gorputzaren plazer soilak mugitutakoak dira topaketak. TV3en telesailak Bartzelonako hiria baliatzen du elkarketak aurkeztu eta deskriba- tzeko; hots, beste protagonista bat da. Horrekin batera, hausnarketarako bidea zabaltzen duten hainbat helduleku garaikide ageri zaizkigu: esate baterako, tresneria teknologikoa eta sare sozialak. Horiek harremanak izateko moduak nola aldatu dituzten, edo harremanak izateko moduak aldatu direlako horiek nola eboluzionatu duten. Horiexek dira baliatzen diren jokaleku eta abiapuntua, erlazioen amarauna josteko.
Gustura ikusi nuen; adi, zalantzati. Hala ere, atal bakoitzean bikote bat izan beharrean, bi tartekatzeko erabakiak jarraitutasunari indarra kentzen ote dion zalantza egiten dut. Era berean, gidoia erabat originala ez izateak sinesgarritasuna kolokan jartzeko gai den zalantza dut.
Faltan sumatu ditut pantailara iltzatzen zaituzten elkarrizketa kiribiltsu eta intentsoak. Plano kontraplanoan baino gehiago, marko zabalago batean protagonistak ikusteko aukera izan, eta tenis partida balitz bezala begiek batetik bestera inkontzienteki egiten duten hizketaldi horietakoak. Gehiegizkoa iruditu zait, ordea, irudiaren sakonerarekin jolasteko fokuratze jokoa; protagonistak argiki definituta agertu eta ingurukoa lausotuta erakutsi ziguten plano gehientsuenetan.
Hala ere, diot Cites-en berriz ere gogotsu egingo dudala topo telebistan, gehiago ezagutzeko gogoarekin utzi nau eta.
EKOGRAFIAK
'Cites'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu