Arantza Gutierrez Paz.
Podcastak

Daitort

2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Daitort. Saiatzen naiz. Astero ikasgelan irratsaioak eta podcastak entzuteko proposatzen diet ikasleei, baina badakit ez dudala asmatzen. Ez zaizkie nire iradokizunak gehiegi interesatzen. Normala da, haiek baino hiru aldiz zaharragoa naiz eta belaunaldien arteko arrakala nabaria da. Dena den, ez naiz ari nik entzun ohi ditudan irratsaioez, baizik eta leiho honetan eta ikasgeletan erakusteko aukeratzen ditudan horietaz, gazteak erakartzeko ahaleginetan dabiltzan egile eta ekoizleak atzean dituzten horietaz, horietako batzuk inbertsio handiko ekoizpenak. Denetarikoak dira: fikziozko kontakizunak, musikari buruzkoak, umorezko solasaldiak, gazte kontuez ari direnak…

Baina saiakera horiek batzuetan ezerezean geratzen badira ere, ezin ukatu gazteek gustuko dutela mikrofono aurrean jartzea eta kontu kontari ibiltzea, eta horren eredu dira aste honetan zutabe honetara dakartzadan bi saio. Horietako bat Fakultateko hiru ikaslek egiten duten Konteixu podcasta da, eta ezagutu dut ikasgelan batek horren berri eman zidalako. Bi atal egin dituzte eta Spotify plataforman eskegi dituzte. Txiolandian beren existentziaren berri ere eman dute (bitxia bada ere, ez dut Instagramen topatu). Benetan deigarria den kareta baten atzean, hiru lagun —Goiatz, Angeru, eta bere burua aurkezten ez duen neska bat, Kattalin?— solasaldi animatuan kronika sozial deiturikoaren inguruan ari dira, barreen artean. Astean behin atal bat ateratzea dute helburu, eta espero dut gutxienez ikasturtea amaitu arteko ibilbidea izan dezaten.

Gazteek beraiek egindako beste podcast bat Gure garaian da, Klak egitasmo komunikatiboak egina. Horren berri izan dut orrialde hauetan egindako elkarrizketa baten bidez, eta, noski, entzun behar izan dut. Saioan ere hiru ahots entzun ditzakegu —Ione Ibarretxe, Julene Samuel eta Julu El Outmanirenak—. Hiruren arteko berriketan oinarritzen da hori ere, eta gizarte gaiak dituzte hizpide, betiere gazte horien begietatik so eginda eta modu librean azalduta. Oraindik atal bakarra argitaratu badute ere, podcasta beren buruak ahalduntzeko tresnatzat jotzen dutela diote elkarrizketan. Ez da lehenengo aldia halakoa entzuten dudala, eta, berez, hori arrazoi nahikoa litzaidake gazteak irratsaioak egitera erakartzeko. Finean, emantzipazio ideia horrek lotzen ditu, nire ustez, irrati askeetan ari ginen gazte horiek eta gaur podcastak egiten dituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.