Sistema kapitalistan egiten den lana industrializazioari eta makinismoari lotuta dago berez. Hau da, makina taktika gisa sartzen da produktibitatea handitzeko eta kostuak murrizteko, horrela etekin argia handitzeko. Betidanik, taktika horrek tentsioak ekarri zituen langileekin. Batetik, langileen makinen aurkako mugimenduak ere sortu ziren, ludismoa kasu. Bestalde, ekoizpen bitartekoen jabeek ahaleginak egiten zituzten langileen ordezkapena hobetzeko —fordismoa—, lan aldarrikapenak zatitzeko eta sindikatuak desegiteko taktika gisa —thatcherismoa—.
Tentsioek ez dute eragotzi, hala ere, automatizazio prozesuak aurrera egitea gaur egun arte. Bestela esanda, automatizazioak soldatapeko lanaren amaierara garamatza, eta, horrekin batera, gaur egungoa ez den gizarte berri batera, zeinak, eskuarki postkapitalismo deitua, ez baitakigu ezer hari buruz, salbu eta orain arte ezagutu dugunaren berdina (ezta antzekoa ere) izango ez dela.
Utopiarako atea, beraz, parez pare irekita dago. «Ez dago alternatibarik» eszeptizismoaren aurrean, «Pentsatu zeure buruarengan soilik» pentsaera ziniko eta posibilistaren aurrean, hurbiltzen ari den gizarte berriari ezkerretik pentsatzeko eta forma emateko aukera dago.
Nick Srnicek eta Alex Williams Inventing the future liburuaren egileek, premisa horietan oinarritutako zentzu neoliberalaren ordez, teknologian eta haren aukeretan oinarritutako beste bat jartzea proposatzen dute: lana jarduera gisa interpretatzea, eta ez betebehar gisa. Lanaren etika berri batekin, lana desirarekin lotzeko gai izango dena, eta ez gehiago frustrazioarekin edo alienazioarekin, pertsonak beren lanetik askatzeko gai den oinarrizko errenta unibertsal bat martxan jarriz, bere trebetasun eta gaitasunekin bat datorren lanak egiteko aukerarekin, lanaldi laburragoarekin eta jarduera hori lanaz kanpoko beste batzuekin osagarritzeko aukerarekin. Baita jendartearen begirada gizatiarrago batekin, non langabetua ez den kriminalizatzen edota pairatzen dituen miseriak hutsaltzen.
Paradigma kontrahegemoniko berri bat proposatu dute, postkapitalismoari begi teknofiloekin eta baikorrekin begiratzen diona. Baikorregia akaso, baina beharrrezkoa etxeko sofan Netflixeko distopiek erakusten dutena, leihotik begiratuz egikaritzen ikusi nahi ez badugu.

IRLEN SAREA
Dena automatizatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak