Nabaria da, eta hau ere aitortu beharra dago, ekoiztetxe batzuek lehentasun handia ematen diotela euskal fikzioa sortzeari. Dudarik gabe, Pausoka da horietako bat, ETB1eko programazioan dauden bi euskal fikziorik arrakastatsuenak —Go!azen eta Irabazi arte— ekoiztearen arduradun izateaz gain, gazteentzako beste telesail bat egiteko erronka hartu baitute. Desagertuta du izena, eta aipatutako erronka ez da makala: euskaraz eta gazteleraz grabatu dute, sekuentziaz sekuentzia hizkuntza aldatuz.
Desagertuta lanak thrillerraren esparruan sartuko du ikuslea bete-betean. Aiako Harriaren inguruetan kuadrilla batek festa bat antolatu ostean, gazte haietako bat desagertu egingo da, eta hortik aurrerakoa haren bilaketaren inguruko gertakari eta azpijokoek hartuko dute. Gazteen artean, Go!azen-en, Netflixeko Elite-n edota Irabazi arte-n egondako aktoreak topatuko ditugu: Ainhoa Larrañaga, Ane Rot, Julen Taboada edota Ainhoa Azpitarte, besteak beste. Helduei dagokienez, Itziar Atienza edota Gorka Otxoa bezalako izen ezagunek osatzen dute aktore zerrenda.
Euskarazko fikzioa ikustean, niri behintzat, kritikaren prisma asko aldatu ohi zait. Kontziente naiz gertukoa den zerbait ikusten ari naizela, literalki nire etxe ondoan grabatua izan zitekeela, eta ezagutzen dudan jendea egon dela nahastuta bertan; eta enpatiak, azken finean, guztia hobeto ulertzen lagundu eta egon daitezkeen iritzi zorrotzak bigundu egiten ditu. Hori guztia esanda, egia da Desagertuta telesailari hasieran apur bat kostatzen zaiola erritmoa hartzea. Premisa katigatzailea da: gazte bat bere burua grabatzen ikusten dugu bertan, biziki mozkor dagoela, menditik jaitsi bitartean; eta, bat-batean, gazte hura desagertu dela jakingo dugu. Hala ere, lehenbiziko sekuentzietan erritmoak lasta apur bat du. Bigarren ataletik aurrera, ordea, erritmo hori azkartu eta istorioak aurrera egitea lortzen du. Horren arrazoietako bat zera da, atal bakoitzaren tramak lagun taldeko pertsona batek ardazten duela; horri esker, haiekin gehiago enpatiza dezagun lortzen du.
Ekoizpen aldetik ere txukuna da telesaila. Euskal fikzioaren gose zareten guztiok, eman iezaiozue begiratu bat, ea ikusle kuota altuak lortuta gehiago ekoiztera animatzen diren.