Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Desberdintasunak

2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fokua antzekotasunetan jartzen tematzen ari garen arren, badira desberdintasunak, herrialdearen arabera, demokrazia eta joko arau batzuk ulertzeko moduan. Ez, akaso, protagonisten jardunean eta hitzetan; bai, ordea, sistema arautu eta hura garatzerakoan. Ekarri ditzagun gogora, tarte batez, Espainiako Gorteetarako azken bozetan hauta- gaien telebistako eztabaiden inguruan gertatuak. Nahasmen handia sortu zuten eta plaza nagusietan ez zen posible izan hautagai guztiak aldi berean, toki berean elkartzea. Gurean, Eusko Legebiltzarrerako bozetan, ETB1 eta ETB2 kateetan ikusi genuen hautagai askoko saio bana, eta argi geratu zen halako saiakerak ez direla bideragarriak, formatuz, edukiz eta anfitrioiak eskaini beharreko bermeei dagokienez. Azken asteotan, Frantziako presidentetzarako bozen harira ere, jarri dira hautagaiak telebistako kameren aurrean. Lehen itzuliaren atarian, ostegunez, debaterik ez antolatzea eta formatua aldatzea erabaki zuten arduradunek. Hamaika hautagaiei, literalki, hitza eman behar zitzaiela ez zuen inork zalantzan jartzen, baina platoan denak elkartu eta ezinezkoa jo zuten debate formako tarte emankorra sortzea. Hala erakusten zuten saiakera zaharragoek. Hori horrela, hautagai bakoitzari ordu laurdeneko tartea eskaini zioten bere programa azaltzeko eta bata bestearen segidan eman zituzten. Ziur asko, iluntze berean Parisen izandako erasoak zaildu egin zuen saiakeraren benetako eragina neurtzea. Gabeziak mahai gainean jarri eta horiek gainditzeko erabakiak hartu izanak, baina, erakusten du bestelako gaitasun bat, hainbat iritzi emaileri aukera pobrea iruditu arren.

Bigarren itzulian, duela bost urte ez bezala, elkartu dira presidentetzarako hautagai biak platoan. Jarri dira ados debatea TF1 eta France 2 kateetan aldi berean emateko. Eta saioa amaitu orduko ikusi da, formatuak —hautagaiek bezala— gabezia handiak dituela. Alde batera, parekoari gaizto eraso egin gabe eztabaidatzen ez dakigula frogatu da; beste aldera, eztabaida bukatu ahala egindako inkestek erakusten dutenez, uler daiteke formatuak, oro har, ez duela boto emaileengan eragiteko gaitasun askorik. Noski, egunerokoan sanoki eztabaidatzeko ohitura eta gogorik ez duenak nekez lortuko du bost urtean behin kameraren aurrean jarri eta helburua lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.