Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Diglosia

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Badira asteak irratiko ikasleei gomendatzen diedan liburu baten inguruan hitz egin nahi nuela; oso liburu txiki eta irakurterraza da, baina irratian euskaraz lan egin dugunok behin baino gehiagotan bizi izan dugun egoera bat oso ondo islatzen duena: aurkezpen, prentsaurreko edo agerraldi batean, hitzaldi oso bat erdaraz entzun eta gero, laburpena edo titulua euskaraz egin dezaten eskatu behar izatea, gure kronikan korte bat sartu ahal izateko. Goizalde Landabasoren Korte bat, mesedez (Alberdania) liburuaz ari naiz, eta, katalogotik kanpo dagoen arren, bibliografian mantendu dut. Hala ere, esan beharra dago, zorionez, gero eta presentzia handiagoa duela gure hizkuntzak agerraldi publikoetan, baita futbolean ere (eskerrak euskal entrenatzaileei!).

Sinetsi nahiko nuke pantaila hori gainditu dugula, eta bada garaia erdal programazioetan euskara normaltasunez aditzeko. Ez nago ziur. Hala ere, berriz ere Goizalderi eskertu behar diot horren inguruan gogoeta egiteko parada ematea, baita ikasleekin ere. Radio Euskadin Pompas de papel irratsaioa gidatzen hasi da eta, haize freskoa ekartzeaz gainera, Hasier eta Amaia irrati-nobela ekarri digu. Gaztelaniaz hitz egiten digun narratzaileak bi ikasleren arteko elkarrizketa jasotzen duen eszena bati paso eman dio. Gazteak, euskaraz. Batek poesia du gustuko; besteak, aldiz, saiakera. Literaturaz ari dira: orain arte eman diren eta minutu eskas bat irauten duten lau solasaldietan gai potoloak ekarri dizkigute: poesia maitasunaz hitz egiteko edo entseguen artean idazten den literatura al da? Badu abizenik edo kalifikatiborik? Poema bat idatzi zuen saiakera-idazlea poeta al da? Oso itxura ona du…

Hori gutxi balitz bezala, harago joan da. Izan ere, euskaraz mintzo diren gonbidatuak ere baditu saioan. BERRIAn eman zuen elkarrizketa batean, Goizaldek dio gizartean aldaketa izan dela eta bi hizkuntzekin jolasteko aukera dagoela. Antzematen dut ikasleen artean ere, erdal taldean gero eta euskaradun gehiago baitaude, belarriprest ugari edo eskolan hizkuntza ikasitakoak. Ulertzen dute, baina ez dute hitz egiten. Esango nuke ohiturak aldatu behar ditugula, eta gero eta euskara gehiago erabili erdal guneetan ere. Akaso —amestea libre denez— egunen batean, baten batek esan beharko du: «Orain korte bat gaztelaniaz/frantsesez, mesedez!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.