Lide Hernando.
Telesailak

Diseinatzailearen mamua

2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Aspalditik zen ezaguna, baina, azkenean, iritsi da: Moriarti ekoiztetxearen Cristobal Balenciaga telesailak ikusi du argia. Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak diseinatzaile getariarraren bizitzaren inguruan idatzi eta zuzendutako lanak sei atal ditu eta Disney Plusen ikus daiteke.

Hamaika gauza esango nituzke, baina leku askorik ez; beraz, hizkuntza hautuarekin hasiko naiz. Telesailean, diseinatzaileak Parisen egin zituen 30 urteak daude fokupean; beraz, normala den bezala, hizkuntza nagusia frantsesa da, gaztelerarekin batera. Beti egin zaizkit arraroak Hollywooden ingelesez erretratatu izan dituzten munduko beste eremu batuetako istorioak —azkena, bat aipatzearren, Napoleon—, eta normala egiten zait Moriartitarrek egoera hartan benetan erabilitako hizkuntzak erretratatu nahi izatea; baina egia da, era berean, hizkuntzaren horrenbesteko aldaketek, ni behintzat, batzuetan istoriotik apur bat ateratzen nindutela. Orain: sekulako gozamena izan da Alberto San Juan frantsesez eta euskaraz horren arin entzutea. Aipatu nahiko nukeen bigarren gauza horixe baita: Balentziagaren rola hartu duen aktorearen lan bikaina.

Telesailean behin eta berriz errepikatzen den kontua da Balentziagaren diskrezioa. Ez zuen gustuko fokuen azpian egotea; eta, bere irudiari baino, bere soinekoei eskaini nahi izan zien famaren eztia. Hala ere, bere inguruko diseinatzaile entzutetsuen irudi publikoaren ondoan sentitzen zuen bekaizkeriaren lekuko da ikuslea sarritan. Izan ere, telesailak berak modu elegantea topatzen du diseinatzailearen hautu horren inguruan duda planteatzeko: berezko apaltasuna al zen diskrezio hori inposatzera zeramana, ala bere irudiaren gaineko kontrola galtzearen kontrako apeta gaiztotua?

Nolanahi ere, azkenean, guri ere iritsi zaigu mamu izan nahi zuen diseinatzailearen mamua. Dela bere markak gaur egun izan duen bilakaera drastikoaren bitartez —jakin nahiko nuke zer pentsatuko lukeen Cristobalek burua altxatu eta egungo Balenciaga zapatila horiek ikusiko balitu—, dela Getarian duen museoaren bitartez, dela Moriartitarrek 2024ko hastapenetan ekarri diguten pieza zoragarri honen bitartez ere. Balentziagak berak, bizirik balego, egiterik baimenduko ez lukeen telesaila; baina guk asko eskertu duguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.