Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Distopia ohi baino baikorragoa

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Fikzio distopiko ugari dago gaur egun era guztietako ikus-entzunezkoen eskaintzan, eta bada distopia batean, eta are distopia betean, bizi garela dioenik ere, batez ere pandemia baten mende bizitzen hasi ginenetik. Errealitate latz, gordin, urratu eta jasaten zailak izan ohi dira distopiak, ilunak, uherrak, gizatasun gutxikoak edo gizagabeak, baina, hain zuzen ere, horrelakoa ez izateak —edo hain horrelakoa ez izateak behintzat—, egiten du berezi eta, neurri batean, erakargarri Robert Downey Jr. eta Susan Downey senar-emazteek ekoitzi eta Jim Micklek zuzendutako Sweet Tooth (Netflix, 2021).

Jeff Lemireren izenburu bereko komikian oinarrituta badago ere, telesailak kontatzen duena, edulkoratua izatera iritsi gabe, atseginagoa da komikiko kontakizuna baino, baikorragoa azken batean. Mundu beldurgarria erakusten du, baina ez goxotasunik gabekoa, izenburuak iradokitzen duen moduan.

Birus hilgarri eta kontrolaezin batek eragin du telesaileko distopia, ordura arteko gizartearen zutabe nagusiak suntsituz eta, horrelakoetan ohi denez, kaosari bidea irekiz. Birusa zabaltzearekin batera erdi gizaki eta erdi animalia diren ume hibridoak jaiotzen hasi ziren, eta, birusarekin lotura zuzena dutelakoan, gizaki askok haiek gupidarik gabe ehizatzen dituzte. Pertsonaia nagusia, Gus, hibrido horietako bat da, erdi gizaki eta erdi orein, aitak, ehiztariengandik babesteko, basoan ezkutuan hazi eta hezitakoa, Yellowstone parke ezagunaren mugetan eraikitako etxola batean. Bizimodu zaila egokituko zaio, horrenbestez, Gusi, baina, horri esker, abentura ugari eta paisaia distopiko harrigarriak ezagutzeko aukera izango du ikusleak hari jarraituz.

Orein adar eta belarriz hornitutako ume eder, osasuntsu eta jator bat ez da, lehen begiratuan behintzat, distopia bateko pertsonaia nagusitarako egin daitekeen aukerarik logikoena edo arruntena, eta, horrez gain, esan beharra dago batzuetan istorioa bortxatuegia dagoela katastrofeak bizitzari eta bizipozari zirrikituak ireki diezazkion, baina hala ere gutxieneko sinesgarritasunari eutsiz eta interesa piztuz egiten du aurrera, aktore nagusien lanak ederki olioztatuta: Christian Convery (Gus), Nonso Anozie (Jepperd) eta Stefania LaVIe Owen (Becky). Horrek guztiak damurik gabe ikusteko moduko telesail egiten du Sweet Tooth.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.