gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Dopamina baraualdia

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Telesail gehiago ikusten ditugunetik, gutxiago irakurtzen al dugu? Lehen irakurketari eskaintzen genion denbora telesailak ikusteari eskaintzen al diogu? Nire pasioa ikus-entzunezkoak direla kontuan izanik, zaila egiten zait honakoa aitortzea, baina erantzuna nahiko argi daukat: bai. Ez dut kultur kontsumoari buruzko datu ofizialik esku artean, baina lehen irakurketari eskaintzen genion denboraren zati handi bat orain telesailei eskaintzen diogula begi bistakoa iruditzen zait. Nire ingurukoen bizitzan eta nirean, behintzat, horrela da.

Hori esanda, nire iritzi apalean, irakurketak ez luke zertan beste aisialdi moten aurka lehiatu; guztia lehentasun kontua besterik ez da, eta erabat bateragarriak izan daitezke guztiak. Pantaila txikiko istorioak geure egunerokoan txertatu diren arren, irakurtzea benetan maite duenak, gutxiago bada ere, irakurtzen jarraituko du. Gaua iritsi, sofan eseri, eta Such Brave Girls telesailaren hiru atal irentsi beharrean, bakarra ikusi eta Lide Hernandoren Izotz ura-ren lau pasarte irakurriko ditu, adibidez. Gizartearen kontsumo ohiturak drastikoki aldatu dira eta orain dela urte batzuk, itxaronaldietako tarteak liburuekin betetzen genituen. Tren geltokian, autobusean, itxarongeletan.. lehen ohikoagoa zen jendea liburuak irakurtzen ikustea, egun pantailak dira nonahi gailentzen direnak. Agerikoa da kontzentrazio ahalmena murriztu egin dela egungo gizartean eta azalpena ere hortik etor daiteke. Hainbeste ohitu gara mezu laburrak irakurtzera, sare sozialetarako dopamina-dosi azkarrera, ezen, arreta testu luze batean jarri behar bada, gure garuna «kexatu» egiten baita. Agian behar duguna Silicon Valleyn modan dagoen joera da: dopamina baraualdia. Izenak dioen bezala, tarte jakin batean ez dugu dopaminarik kontsumitu behar, ez dugu dopamina eragiten duen jarduerarik egin behar. Gure garunari reset egin? Nik zer dakit. Milaka aitzakia eman ditzakegu gutxiago irakurtzen dugula esateko. Norberak aukera dezala benetan gustuko duena eta kito. Nire kasuan literaturari eskaintzen ez diodan denbora zinemari eskaintzen diot, hala nahi dudalako eta ikaragarri asetzen nauelako. Zure kasuan, telesail gehiago ikusten dituzunetik, gutxiago irakurtzen al duzu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.